Aingeru Oiartzabal, Elkar Hazi taldeko kidea
Elkar Hazi taldeak lehenengo hitzaldia emango du etzi (hilak 10)
Gure beldurrak izenburupean, 19:00etan hasita. Udaletxeko areto nagusira hurbiltzen denak ez ditu hitzak bestearen atzetik entzungo, “modu dinamikoan” azalduko baitute beldurren mundua. Aingeru Oiartzabal (Oiartzun, 1984) Ekar Haziko kideak eman ditu xehetasunak.
Zer nahi duzue transmititu etzi saioan?
Beldurrak bi aurpegi dituela adierazi nahi dugu lehenik eta behin. Alde batetik beldurra lagungarria da gauzei aurre egiteko, instintu bat da. Egoera jakin batzuen inguruan beldurra edukitzeak alertan jartzen digu, prestatzen digu gorputza eta burua aurre egiteko. Askotan beldurra aipatzen dugunean negatibo puntua nabaritzen da.
Modu dinamiko batean azaldu nahi dugu, ez da hainbeste hitzarekin azalduko, mimika ere erabiliko dugu, tresna sinple batzuk… Beldurrak gugan hainbesteko eragina duenez berak kontrolatzen digula azalduko dugu. Orain ez da hainbeste biziraupenarengatik alertan gaudela, orain gure osotasun pertsonalarengatik daude; hau da, gure autoestimua mindua ez egoteko-eta alerta gaude, gehiegi agian.
Nola gainditu arriskua ez dagoenean sentitzen dugun beldur hori?
Pertsonak arriskuaren pertzepzioa baldin badu horren baitan da, subjektiboa da. Bakoitzak gure betaurrekoekin ikusten dugu bizitza, niretzat arriskua izan daitekeena zuretzako ez du zertan izan behar. Arriskuak ez du zertan fisikoa izan behar, gure imajinarekin puskatu dezakeen edozein estimulu arriskua izan daiteke.
Beldurrak ez bagenitu, zer egiteko gai izango ginateke?
Guk bi gune bereizten ditugu:
zona de confort eta
zona de control deitzen direnak. Demagun, aulki hau. Aulki hau ezagutzen dut, nahiz ona edo txarra izan ezagutzen dut, beraz, nolabait kontrolatzen dut. Gauza da inguruan aukera asko daudela, bizitza ez dela aulkira mugatzen, eta beldurrik gabe konturatuko ginen gustuko gauza hori iris zaitezkeenaren gutxiengoa dela. Zure buruari deskubriarazi behar diozu gai zarela mila gauzetarako, aurre egiteko. Adibidez, urarekin harreman handirik ez duzu izan eta egun batean animatu eta urpekaritzarekin hasten zara eta bidaiatzen, jendea ezagutzen… bukatzen duzu.
Beldurrak norberarenak diren heinean, norberak gaindi ditzake?
Bai. Hasierako prozesua gainditzeko gure burua ezagutzea da, nola funtzionatzen dugun, gure buruari nola hitz egiten diogun. Ohituak gaude gure buruari entzuten besteei zerbait esaten diogunean, baina gure barruari nola hitz egiten diogun ez gaude ohituta. Elkarrizketa horretaz jabetzea oso garrantzitsua da: zer esaten garen, zein emozio sentitzen ditugun…
Oshok hau dio: “Ez da posible beldurra ezabatzea edo dominatzea; ulertu besterik ezin da egin”. Ados al zaude?
Bai, azkenean lehen aipatu dudana, beldurrak bi aurpegi dituela. Egoera hau da, dena delakoa; egoera ez duzunean baloratzen, txarra edo ona, egoera den bezala onartzen duzunean beldurrak sortzen duena naturala dela asumitzen du bizitzak. Tristura bezala da; orain dela gutxi lagun bati aita hil zaio eta triste egotea tokatzen da, ez duzu borrokatu beharrik hori ezabatzeko, kontrakoa baizik.
Zein dira jendeak dituen beldurrak nagusiki?
Bizitzan beldurrak aldatu egiten dira, baina nik uste lehenengo ardatza perspektiba dela. Kanpoan gauzak aldatzen joaten dira beti eta garrantzitsuena guk egiten dugun irakurketa da. Guregan sinesteko dugun botere edo indar horren baitan dago kontua. Ez bada krisia lurrikara bat izango da, bestela politikoki beste zerbait… egoerak aldatzen doaz. Kontua da gu horien aurrean argi izatea bizitzako parte direla.
Dena den, besteek gutaz pentsatzen dutenaren beldurrak pisu handia du. Beti egon da hor eta gaur egun ere potentzia handia du.
Beldurra tresna indartsu bat da…
Bai hala da. Potentzial gehiegi du eta horrekin jolasten dute. Nik zuregandik zerbait jaso nahi baldin badut badakit beldurrarekin modu batera edo bestera jasoko dudala, beraz manipulatzea oso-oso erraza da. Baina norberak erabakitzean beldurrak ez eragitea gugan ez dute gurekin jolastuko. Etxeko salak telebistari begira ditugu, telebistak bizitzaren estereotipo bat ematen digu etengabe, hori jasotzen ari gara eta denok dugu orokorrean ikuspuntu bat zer den bizitza. Baina horrek ez du esan nahi hori horrela denik. Telebistan oso ongi egiten dute euren lana eta gu tontoak bezala utzi egiten gara. Kontziente izatea da gakoa. Kontziente izateak, ordea, lana eskatzen du eta nik uste merezi duela