Hitzarmenaren zain, herriko langabeek zainduko dute TAO zerbitzua
Jaurlaritzarekin portu eremuko aparkamenduen lagapenerako hitzarmena sinatu bitartean, Hondarribiko Udalak kudeatuko du TAO zerbitzua eta 20 langabe kontratatuko ditu horretarako, tartean 45 urtetik gorako pertsonak. Interesa dutenek hilaren 15era arte dute izena emateko Lanbideko bulegoan. Data horretatik bi egunera egingo dituzte frogak. Lanpostuak hiru hilabeterako dira, ekainaren 1etik abuztuaren 31ra artekoak.
Kontratazioa egiterako orduan nola egin argi izan dutela esan dute udaletik: “Udala jakitun da langabezi egoera larria dagoela, eta hori dela-eta batez ere lan beharrik handiena duten pertsonak kontratatzeko baldintzak ezarri ditu. Kontratatzerakoan hiru talde eratuko dira, bata 45 urtetik gorakoena, bestea 40 eta 45 urte bitartekoena, eta hirugarrena 40 urtetik beherarakoena”, esan du Hondarribiko Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak.
Kerejetak azaldu duenez, lanpostuak eskuratzeko proba aldatu dituzte eta alderdi guztiek parte hartu dute proba berriak zehazten, “helburuak langabe adintsuenetan zentratzeko”. 45 urtetik gorakoena “guretzat interes handiko taldea” dela gehitu du.
45etik gorako 427 langabe
Lanbideko apiril amaierako datuen arabera, Hondarribiak 1.020 langabe ditu, eta horietatik 579 emakumeak dira eta 441 gizonak. Emakumezkoen langabezi indizea %15,6koa da, eta gizonezkoena %10,8koa. 45 urtetik gorako 427 langabe daude herrian.