Gaur goizeko agerraldia, Donostiako Koldo Mitxelenan
1939tik 1942ra frankistek 12.500 lagun behartu zituzten Pikoketako, Arkaleko, Aritxulegiko eta Jaizkibelgo errepideak egitera, eta horrez gain, zazpi preso langile fusilatu zituzten eta bat “axfisiaz” hil omen zen. Hilaren 19an bide horiek egin zituztenak omenduko dituzte eta horien izenean Irunen aspalditik bizi den Gillermo Aizpuru azpeitiarrak jasoko du omenaldia. Gaur goizean aurkeztu dute omenaldia, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean. Bertan izan dira Kattin Txikiko ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari bat eta Oiartzungo Udaleko alkatea eta zinegotzi bat.
Herriko Kattin Txiki elkartea ibili da ikerketa lanetan eta dokumentala ere prestatu dute. Bertan Aizpuru beraren testigantza jaso dute eta baita hainbat lekuko oiartzuarrenak ere. Dokumentalaren zati bat hilaren 19an bertan proiektatuko dute.
Gerraren ondorioak “oso latzak” izan zirela azaldu dute Kattin Txikikoek eta horien adibide dira Batallon de Trabajadores delakoak. “Arrasto handi utzi zuten trabajadoreek”. Eta hitzaren gaineko zehaztapena ere egin dute: “Herriak erabiltzen duen hitza da
trabajadore, herritarrek horrela ezagutzen zituzten,
trabajadoriak esaten zieten”.
Dokumentu asko Oiartzunen
Informazio iturriak batik bat bi izan direla azaldu du Txema Gaztelumendi Kattin Txikiko kideak, Oiartzungo artxiboa eta Madrilgo kontu auzitegia. Garrantzizko datuak atera dituzte hortik. “Oiartzunen ukitu gabe zeuden paper mordoa aurkitu dugu, izen askorekin. Errenterian, adibidez, ez dago apenas ezer eta Lezon ere oso gutxi dago”, adierazi du.
Hilaren 19ko egitaraua
Goizeko hamaiketan hasiko da ekitaldia, udaletxeko areto nagusian. Udalaren eta antolatzaileen agurra eta gero, Gatibulanak frankismoan 1939-1942 proiektua azalduko dute. Ondoren, Kattin Txikik egindako bideoaren zati bat proiektatuko dute eta hori bukatuta Gillermo Aizpuru gatibu lanetan aritu zen
trabajadoreari oroigarria emango diote.
12:00etan Gurutzen jarri dituzten panelak inauguratuko dituzte eta hortik (13:00ak aldera) Arritxulo aterpetxean Lesakara doan bidearen panela zabalduko dute. Aldundiko eta udaleko agintarien adierazpenen ondoren, panela inauguratuko dute, agurra dantzatu eta Basarriren bertsoak kantatuko dituzte.
Hori eta gero,
arrantxua emango da. Bertsolariak eta irrintzilariak bertan izango dira.