Hondarribiko eta Irungo alardeen gatazka jasotzen duen
Alardearen seme alabak dokumentala hilaren 23an estreinatuko dute Hondarribian. Itsas Etxea Auditoriumean izango da, 20:00etan, eta sarrerak 4 euroan jarriko dituzte salgai.
Jone Karres eta Eneko Olasagastik zuzendutako lana da eta apirilaren 23an estreinatu zuten Donostiako Giza Eskubideeen Zinemaldian.
Irungo alarde tradizionaleko une bat
Hondarribiko eta Irungo alardeen iragana eta oraina jorratu ditu filmak, pertsonen sentipenetatik abiatuta. Filmaren lehen zatiak alardearen jatorrian kokatzen du ikuslea, bere historian eta eszenaratzean. Bigarrenak gatazkaren hastapena eta garapena dakarkigu, bere ezaugarriak eta aldeak. Azkenik, gaur egungo egoera dugu, 2011 eta 2012 urteetan ikusi ahal izan dena.
Ainhoa Ruiz de Arbulu Irungo alarde mistoaren generalak eta Jose Ramon Otaegi hango alarde tradizionaleko artilleria buru izandakoak eman dituzte Irungoari buruzko lekukotzak. Hondarribiari dagozkionak, berriz, Jose Manuel Susperregi EHUko irakasle eta alarde tradizionalaren aldekoak eta Ixabel Alkain eta Garoa Lekuona Jaizkibel konpaniako kapitain izandakoek eman dituzte. Xabier Kerexeta soziologoak eta Maggie Bullen antropologoak, berriz, ikuspegi zientifikoa eskaini dute.