Eskerrak eman dizkio PSE-EEk BAKri "egindako lan gogorrarengatik"
BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeak desegin egingo da ekainaren 1ean, batik bat, ETAk jardun armatua utzi izanak bultzatuta, eta Errenteriako PSE-EEk eskerrak eman dizkio lanean egon den 28 urteetan “bakearen alde, ETAren indarkeriaren kontra eta giza eskubideen alde egindako lan gogorrarengatik”.
BAK “ausarta” izan dela esan du PSE-EEk, “gizartea kontzientziatu eta sentsibilizatuz” lan egin duelako, eta lan horrek “bakean eta askatasunean bizitzeko eskubidea errekuperatzeko” balio izan duela gaineratu du. “Azken helburua, indarkeriarekin bukatzea, lortu duela nabarmendu behar da”, esan du talde sozialistak.
Errenteriako PSE-EEko kideek biolentzia pairatu behar izan dutela esan du, eta zentzu horretan, ez duela ahaztuko koordinakundeak “ETAk ordezkatzen zuen faxismoari herri erresistentzia” egin izana, “nahiz eta irain eta mehatxuak jaso behar izan, baita eraso fisikoak ere”.
PSE-EE garai berrietan “elkarbizitza eta normalizazioaren alde” lanean ari dela esan du, “prozesu horretan elementu aktibo” izaten.