San Fermin Jaiak finantzatzeko helburuz, bigarren urtez antolatu dute Antxoko hainbat eragile eta norbanakok
Antxoberfest II. Garagardo Festa, ostegunetik larunbatera, barrutiko Jai Batzordearen babesarekin. Festaren oinarria, Marcos Novo antolatzailearen arabera, “garagardo mundialak eta jaki goxo-goxoak” badira ere, antxotarren auzolana nabarmendu ditu: “Antxotarren lanari esker aurrera atera zen iaz festa, eta aurten ere hala izango da. Auzolanean antolatutako jaia da, eta aurten, gainera, lanean aritzeko iaz baino eskaera gehiago jaso ditugu”. Iaz 1.800 litro garagardo saldu zituzten festaren barruan. Aurten marka hori haustea espero dute antolatzaileek, eta onura barrutiko festek jasoko dute.
Egitarau zabalaren barruan, hiru ekimen nabarmendu zituzten atzoko aurkezpenean antolatzaileek. Lehena etzi (osteguna) izango da. Herriko hainbat talde eta elkartek garagardoa egiten ikasteko ikastaroa jaso zuten
La Armonia elkartean, eta bertan egindako garagardoekin lehiaketa egingo dute, 19:30ean. Aurretik, ordea, Erik Cohen garagardoaren maisuak aurkezpena egingo du.
Hurrengo bi ekimen nabarmenenak larunbatean izango dira. Batetik, goizetik, American Crazy Cars taldeko kideek euren auto amerikarrak Antxora ekarriko dituzte, horiek erakusteko. Auto ikusgarriak dira barrutira iritsiko direnak, 25 bat orotara, askotarikoak, eta antolatzaileek herritarrei esan diete auto horiek zaintzeko, “asko balio dutelako”. Larunbatean ere, 250 pertsonarentzako paella jate erraldoia antolatu dute; herri bazkaria da, eta txartelak salgai daude bost euroan Kamio eta Mimos tabernetan. Aldi berean, eta launbateko egitarauaren barruan, Basari elkartea Garagardoaren Kofradiako kide izendatuko dute, aurten 25 urte bete dituelako.
Hainbat xehetasun
Antolatzaileen aranera, Gure Zumardiko karparen barruan dastatzeko izango diren hamabi garagardoak “oso maila handikoak” izango dira. Hala, kalitate horren araberako prezioak izango dituzte garagardo pitxerrek (batzuk artesanalak dira): 3 eta 4,50 euro arteko prezioak dituzte. Aurrez, ordea, bi euroan edalontzia erosi behar da (itzultzen dutenek euro bat jasoko dute bueltan); iaz baino merkeagoa da pitxerren prezioa, eta jakiak ere iaz baino merkeago izango dira.