Txondorra pizteko jaia egin zuten iazko abenduan Arditurrin
Larunbat honetan (hilak 11) Antonsoroko pago motzak kimatuko dituzte eta ateratako egurra txondorra egiteko baliatuko dute. Hitzordua Kausoron jarri dute, 16:30ean eta hortik Antonsorora joango dira (20 minutuko ibilbidea).
Pago motzen mozketa “iraunkortasun printzipioak” jarraituz egingo dute, hau da, eskuz eta mandoak baliatuko dituzte egurra garraiatzeko eta gidari lanetan herriko ikazkinak arituko dira. Albaola elkarteko Alvaro Ruano eta Mikel Leoz ere bertan izango dira eta basogintzaren inguruko azalpenak emango dizkiete bertara hurbiltzen den orori. Bi ordu iraungo du saio osoak.
Azaroaren 23an txondorra piztuko dute Arditurrin eta horretarako erabiliko dute, hain zuzen, larunbatean aterako duten egurra. Abenduaren 24an, berriz, Oiartzungo Olentzeroren Laguntzaileek ikatza atera eta plazara eramango dute.
Oiartzungo Udala, Gipuzkoako Parketxe Sarea eta Gipuzkoako Foru Aldundia garai bateko ikazkinen lana berreskuratzeko ahalegina egiten ari da Life+ Natura izeneko proiektuaren bidez. Horren barruan sartzen da larunbateko kimaketa saioa.