
Ikastaroak eta gero familiako argazkia atera zuten
Dozenaka gaztetxo elkartu ziren larunbat arratsaldean Santiago zubi ondoko Skate Parkean Hondarribiko HS2 eskola-saltokiak antolatutako ikastaro sortan parte hartzeko asmoz. Irungo Udaleko Hezkuntza nahiz Kirol departamentuen laguntza izan zuen ekitaldiak eta, dena ezin hobeto atera zenez, udalaren, haurren eta haien gurasoen laguntza eskertu zuten antolatzaileek.
15:30ean hasi zen ekitaldia. Ordubetez, libre patinatzeko aukera izan zen, eta ondoren hasi ziren ikastaroak, modalitateka banatuta. Ordu erdiko lau saio egin zituzten, hurrenez hurren, skate, scoot, slalom eta long board modalitateetan. Oinarrizko azalpenak jaso eta trukuak ikasteko modu praktikoa izan zuten skate zaleek, Irungo zein Hondarribiko skate guneetan aritzen diren “izarren” trukuez gozatu ahal izan zuten.