Hondarribia futbol taldeak zalantzarik gabeko garaipen batekin zuzendu du aurreko asteburuan Lesakan jasotako porrota. Beti Gaztek eurei sartutako gol zenbaki bera, bost, sartu dizkiote Mondragon taldeari eta sailkapeneko seigarren postuan jarri dira, bosgarrenetik puntu bakarrera.
Jaitsierako postuetatik urruti eta sailkapeneko onenak harrapatzeko aukerarik gabe, denboraldia ahalik eta txukunen du helburu futboleko Ohorezko Mailan jokatzen duen Hondarribia taldeak. Temati ari da zeregin horretan eta, horregatik, joan den astean Beti Gazteren kontra 5-1 galdu izanak min egin egin zien Llorenteren jokalariei.
Gogor entrenatu dira aste honetan, zaleen aurrean beste itxura bat eman nahian. Eta eman dute. Larunbatean Mondragon taldea 5-0 menderatu zuen Hondarribiak. Egia da Arrasateko taldea sailkapeneko behealdean dagoela, baina Hondarribiaren entrenatzaileak askotan errepikatu izan duen bezala, Ohorezko Mailan taldeen arteko parekotasuna handia da eta hori argi geratu zen joan zen asteburuan, Beti Gaztek Mondragonek baino bi puntu gehiago dituelako.
Larunbatean pilatutako hiru puntuei esker, eta Tolosak eta Bergarak galdu zutela baliatuta, Hondarribia seigarren postuan jarri da, bosgarren dagoen Beriorengandik puntu bakarrera. Postu horretan bukatzeko lau hautagai daude eta geratzen diren hiru partidetatik bi irabazten duenak aukera handiak izango ditu bosgarren geratzeko.
Sailkapena 4. postutik 9.era
- 4. Aretxabaleta. 60 puntu.
- 5. Berio. 47 puntu.
- 6. Hondarribia. 46 puntu.
- 7. Bergara. 46 puntu.
- 8. Tolosa. 45 puntu.
- 9. Aloña Mendi. 40 puntu.