Atez atekoa, iruditan
Gaur eman du lehen urratsa atez atekoak. Ikusmin handia piztu du eta hamaika komunikabidek egin dute bat Zubitxo kalean, Lezoko Udalak deitutako agerraldiaren zain. Hamaikak pasatxo zirenean heldu da bilketarako kamioi berria, eta biltzaileek banan bana hustu dituzte organikoa biltzen zuten kuboak. Jakinarazpena ere utzi behar izan diote zintzilikario batean beira utzia zuen bizilagun bati. Halako kasuetan bilketa gaizki egin duela jakinarazten dion pegatina jarriko diote: “Ondoren atez atekoaren gaineko informazio bulegotik deituko diote azaltzeko gaizki egin duela bilketa”, azaldu du biltzaileetako batek.