Udalak Kabiaren gastu osoa ez duela argitu salatu du PSE-EEk
Joan den udalbatzarrean agertutako gaia berriro ekarri du gogora Errenteriako PSE-EEk, eta Kabiaren gaineko gastua da hori. Talde sozialistaren arabera, hilabeteak pasatu arren, oraindik udalak ez du argitu Kabiak zenbateko gastua eragin duen.
PSE-EEren esanetan, komisio zein bozeramaileen batzarretatik pasatu ondoren, martxoko udalbatzarrera eraman behar izan zuten Kabiaren gastuak argitzeko galdera. Udalbatzar horretan, Julen Mendoza alkateak egitasmo horren gastua azaldu zuen desglosatuta. Talde sozialistak esan du “bitxia den arren, koordinazio, komunikazio eta dinamizazioaren gaineko 7.670 euroko faktura bati buruzko informaziorik” ez ziela eman gobernu taldeak, eta “arreta piztu” diela “alkateak emandako kopuru osoaren (33.744,18 euro) ia %25 dela kontuan hartuta”.
Horri buruz apirileko udalbatzarrean berriro galdetu zuen PSE-EEk. Alkateak emandako erantzuna Alkatzaren barruko publizitate gastuen barruan sartu zutela izan dela gogorarazi du, “baina hori ez da aitzakia jarduerari buruzko beste gastu bat bezala jakinarazteko”.
PSE-EEren iritziz, Kabiak izan dituen emaitzak kontuan hartuta, gastu handiegia eduki du, eta Pontikako bizilagunen kexak entzun dituztela “sortu dituen molestiak medio”.