Iñaki Alberdi irundarra Elblageko Orkestrarekin igoko da gaur Itsas Etxeko taulara
Iñaki Alberdi soinujole irundarrak kontzertua emango du gaur arratsaldean Itsas Etxea Auditoriumean. Musika garaikidean soinu handiarekin buru-belarri dabil aspaldi Alberdi birtuosoa eta, gaur, Poloniako Elblageko Ganbera Orkestrarekin ariko da Hondarribian.
Garaiko konpositoreekin aritu izan da lanean Alberdi, besteak beste, Sofia Gubaidulinarekin, KarlHeinz Stockhausenekin eta Joan Guinjoanekin. Liverpoolgo (Ingalaterra) Orkestra Filarmonikoarekin eta Errusiako Kultura Ministerioko Orkestrarekin jo du, baita Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin ere.
Argi adierazi du Alberdik akordeoiaren etorkizuna musika garaikidean dagoela. Aldi berean, musika tresna hori etorkizuneko egitarauan sartuko dela ziurtatzeko, “konpositore handien obren bidez” egin beharko dela esan du.
Elblag Poloniako kostaldeko hiri txiki bat da, eta hango ganbera orkestrak musikari gazteen aldeko apustua egin du. Gdansk hiriko musika eskolako diplomatu saridunek osatzen dute orkestra. Grazyna Bacewicz konpositore poloniarraren kontzertu batekin hasiko dute gaurko emanaldia. Ondoren, Astor Piazolla argentinarraren Cuatro estaciones porteñas lanari ekingo diote. Amaitzeko, Txaikovskiren Serenata joko dute.
Sarreraren prezioa 10 eurokoa da eta Itsas Etxeko leihatilan erosteko aukera izango da, emanaldia baino lehen.