Herri Urratsera begira, hitzaldia eta autobusak Errenteria-Oreretan
Hilaren 12an egingo dute 30. Herri Urrats Senperen. Horren harira, Errenteria-Oreretako hainbat eragilek bat egin dute bi helburu betetzeko. Batetik, Ipar Euskal Herriko ikastolen eta euskararen egoeraren berri eman nahi dute, eta bestetik herritarrak animatu nahi dituzte Herri Urratsera joateko, autobusak jarriz. Horiek lantzeko ados jarri diren eragileak Gure Esku, Orereta Ikastola, Langaitz Ikastola, Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea eta Txintxarri elkartea dira.
Bide horretan, hilaren 9rako (osteguna) hitzaldia emango du Amets Arzallus hendaiarrak Orereta Ikastolaren Santa Klara kaleko egoitzan, 18:30etik 20:00etara. Iparraldea gertutik: euskararen, ikastolen eta euskal kulturaren argiak eta itzalak izenburuko hitzaldia emango du bertsolariak. Bertara, antolatzaileen arabera, “iparraldearekin harremana estutzeko gogoa duten oreretar guztiak, heldu zein gazte” daude gonbidatuta. Hitzaldiaren ondoren, Txintxarrin, mokadutxoa jateko aukera izango da, “eta Ametsekin batera bertsoetarako parada sortzea espero dugu”. Umeak zaintzeko zerbitzua jarriko dute.
Herri Urratsera autobusak
Eragile horiek ere nahi dute Errenteria-Oreretako herritarrak Herri Urratsera joatea. Horretarako autobusak antolatu dituzte. Horietarako txartelak Orereta Ikastolaren Esmalteriako eta Añabitarteko egoitzetan, eta Xenpelar AEK euskaltegian lor daitezke, langabeek eta haurrek 8 euroan, eta gainontzekoek 12 euroan. Hilaren 12an 09:00etan aterako da autobusa Gamon Zumarditik, eta 18:00etan bueltatuko da Senperetik.
Baldintza batzuk daude, ordea. 18 urtetik beherako nerabeek baimena behar dute bakarrik joateko. Baimena izenpetzeko inprimakiak udaletxean nahiz antolatzaileen bitartez lor daitezke. Umeekin doazen helduek familia liburua eraman behar dute. Informazio gehiago behar duenak 687 328 838 telefono zenbakira dei dezake (Antton Aizkorreta).