Gudari ohien bidean (sic)
Hiribideetan eta herri karriketako paretetan ageri da giza historia. Joan diren gizaldietako gertakarien agerbideak irakurgai ditugu berauetan. Historiaren gorabeherak toki izenen –eta izen-abizenen– gibelean daude. Funtsezkoa da historia ezagutzea. Erran nahi baita, ongi arakatzea. Haatik, memoria historikoa ongi ezagutzea ez da aski memoria kolektiboa eraikitzeko.
Memoria, oroitzeko gaitasuna bezala ulertu behar da. Memoria ulertzeko berau lantzea komeni zaigu. Memoria kolektiboa memoria historikoaren gainean eraikitzen dugu. Hitzak ez dituzu neutroak, ordea. Hitz bakoitzak berezko adiera dauka. Historia ongi adierazi beharra dago, memoria kolektiboa ongi taxutuko badugu.
Hara, saiakera eite hartu dute sarrerako hitz horiek. Leiho honetara ekarri ohi ditudan hitzak sinpleagoak izaten dira, ene ustez. Karrikaz karrika nabilela izan ohi ditudan burutapenak jasotzen dituzu zuk, irakurle bidaide hori.
Pellot biribilean geratu nintzen apirilean. Pellot kortsarioari Euskal Azeria deitu omen zioten. Frantziako Itsas Armadako ontzi-mutila izatetik komandante izatera heldu omen zen. Napoleonen armadan sartzeari uko egin zion pirata, hara. Halaxe oroitua da, bederen. Euskal erresistentziako partaidea izan ote zen? Naski!
Alta, badago izen bereko beste Pellot bat, pirataren osaba zena. Auzapeza bata, kortsarioa bestea. Biak ala biak –Etienne edota Ixtebe– izen bera, baina ezin bera izan. Hendaiarrak izaki, biak nahasita ageri dira herriko agerbideetan. Horra hor nahasmena.
Charles de Gaulle hiribidera heldu naiz, Bidasoaren ibiraino. Maiatzak zortzigarren eguna beteko du aurki. Ba al duzu gogoan, 1945eko maiatzaren 8a? 8 Mai 1945 delakoa. Zer da baina, Maiatzaren 8a mundu historian? Hauxe: tropa aliatuek Alemaniako armada garaitu, eta II. Mundu Gerra amaitutzat eman zen Europan.
Txingudi badiaren zilarra ezin ederragoa ageri da nagoen tokitik. Omen, herriko gaztelu zaharra zegoen hondakinen gainean nago. Neronek gazteluaren arrastorik ez dut ezagutu. Izen bereko Pilota plaza bai. Frontisean Gaztelu Zahar 1914 ageri. I. Mundu Gerra hasi zen urtea gogoratzekoa.
Gerretako biktimen gorazarreko monumentuan nago: Morts pour la patrie ageri da. Allée des anciens combattants irakurri dut, baita euskaraz irakurri ere: Gudari ohien bidea (sic).
Berriki, Anjel Figueroa eta Xabier Lopez Peña euskal preso hil berrien omenez pintadak agertu dira Hendaiako karriketan. Gudariak zioten pintadek. Gudari ohiak hauek ere. Memoria kolektiboa gauzatzerik ba ote?