Eta orain zer?
Protesta baketsuak entzuten ez diren gizarte honetan, (edo hobe esanda, zer esaten dutena baino, oihuak nondik datozen interesatzen zaienean)… Hauteskunde kanpainan esandakoaren juxtu kontrakoa egiten duen gobernuaren aurrean… Milioi eta erdi firma bildu, parlamentuan entregatu eta kasurik egiten ez zaien iniziatibak dauden inguru batean… Gestore txarrak babestu eta jende xehea kalean uzten den munduan… Gizartearen eredu behar luketenek, dirua kanpora eraman dutenean, beraiek aberastu dituen sistema elikatu nahi ez dutelako… Gu babestu behar gaituzten politikoak, boteredun gutxi batzuk babesten diren hierarkia honetan… Beldurraren bitartez gizartea kontrolatzen duen gobernu batekin… Liderrak izan behar luketen gobernu buruek, hain maila baxua erakusten dutenez, segurtasun eza transmititzen dutenean… Politiko bat entzuten duzunean defenda ezina defendatzen, zuk jakinik, biek dakizuela, esaten ari denak ez duela ez hanka ez bururik… Badakigunean hezkuntza publikoan guraizea sartu dutela, ez hala behar zelako, baizik eta klase gizarte batean sinesten dutelako, inplizituki esanez, aberatsen seme-alabek izan behar dutela biharko gizartea lideratzen jarraitu behar dutenak… Bada gizarte honetan bizi gara. Gizarte honetan non, egin ezin den bakarra biolentzia praktikatzea den, beste maltzurkeria guztiak egitea libre da: lapurtu, jendeari iruzur egin, pertsonak kalean utzi…
Ni ez naiz sekula izan biolentziaren zale (hau diot aldez aurretik badaezpada, dirudienez, hau esan gabe ezin delako iritzirik eman). Niri datorkidan galdera bakarra da, ‘orduan, guri zer dagokigu gizarte honetan egitea?’ Biolentzia kriminalizatu dute azken hamarkadetan, beldurrik handiena horri diotelako. Niri ere, gogorra egiten zait hau idaztea, baina sistema bera da anti-sistemarik handiena. Izan ere, boterea da parte hartzeari entzungor eginez, bere balore guztia kendu diona. Komeni zaiolako, badakielako gizartea kalera aterako balitz, hori ez dagoela gelditzerik. Kexatzea oso terapeutikoa da, baina niri galdera hau datorkit: Orain, zer egingo dugu?