Pasaiako Udalaren arabera, udarako jarriko dute hondakinak biltzeko sistema berria; atzo egin zuten gaiaren gaineko azken batzarra, behin betiko erabakiak azaltzeko
Donibaneko atez atekoa diseinatzeko parte hartze prozesuak emandako emaitzen berri eman zuten udal ordezkariek atzo arratsean zineman egin zen batzar orokorrean. 600 pertsonen artean landu dute behin betiko proposamena –oraindik hainbat gai txiki lotzeke daude–, lehen fasean nahiz bigarrenean, kaskoko herritarretatik hasita, landa eremukoetara. Hala, lehen ondorio bezala, data: udan jarriko dute Donibanen hondakinak atez ate biltzeko sistema. Helburua Pasaia osora zabaltzea dela berretsi egin zuten udal ordezkariek, eta atez atekoa jartzeak ez duela ekarriko udalaren zaborraren zergan gainkargarik.
Amaia Agirregabiria alkateak eta Oihane Oronoz Donibaneko alkateordeak eman zituzten xehetasunak
Astean seitan utzi beharko dituzte sanjuandarrek eurek sortzen dituzten hondakinak. Izan ere, egun bezala, larunbatetan ez da hondakinik jaitsi behar. Hala, Gune Historikoko biztanleek bi udal lokaletan nahiz beste bi zurrunetan utzi beharko dituzte hondakinak, eta Meipin, zutabeak zintzilikarioekin jarriko dituzte.
Organikoa, ontzi arinak, papera-kartoia, errefusa, eta pixoihalak
Materia organikoa hamar litroko kubo marroian (udalak emango du) jaitsi behar dute sanjuandarrek, eta hala nahi duenak, kubo hori poltsa konpostagarri batekin, barrutik, babestu dezake (udalak ez du poltsa hori emango, baina erraztasunak emango ditu hori lortzeko). Organikoaren bilketa asteazken, ostiral eta igandetan egingo dute.
Ontzi arinak udalak emango dituen rafiazko poltsetan jaitsiko dira, astelehen eta ostegunetan. Papera eta kartoia uzteko ere rafiazko poltsak emango ditu udalak, eta asteartetan jasoko dute. Parte hartze prozesuan atera diren ideietakoa izan da hala nahi duten sotoetan gai horiek uzteko edukiontzi urdinak jartzea.
Errefusarentzako ere rafiazko poltsa emango du udalak, eta asteartetan, papera eta kartoia bezala, utzi behar da. Pixoihalak eta konpresak egunero jaitsi daitezke, horiek egunero jasoko dituztelako; plastikozko poltsa batean utzi behar dira.
Beira, orain arte bezala, edukiontzi berdeetan utziko da.
Ordutegiari dagokionez, bi zehaztu dituzte, udakoa eta negukoa. Udan 20:00etatik 05:00ak arte utz daitezke hondakinak; neguan, berriz, 18:30etik 05:00etara.
Ekarpen guneak eta komertzioak
Larrialdi kasuetarako, adibidez, herritarrak dagokion egunean ezin izan badu tokatzen zen hondakina jaitsi, ekarpen guneak ezarriko ditu udalak, lehena pilotalekuan, beste bat Pasaia-Lezo Lizeoaren inguruan, eta hirugarrena Jaizkibelgo kantinan. Horiek giltza bidez edo klabe bidez zabaltzeko aukera izango dute herritarrek.
Komertzioen eta ostalaritza negozioen kasuan, sei hilabeteko proba abiatuko dute. Hala, tarte horretan, 20:00etatik 05:00etara utz ditzakete euren hondakinak, baina hainbat aukera dituzte: hala nahi duenak, bere lokalaren kanpoaldean utz ditzake hondakinak, giltza izango duen edukiontzi batean; hala erem Gune Historikoan egokituko diren bi lokaletan ere utz dezakete sortzen dituzten hondakinak, baita ekarpen guneetan ere.
Bestalde, altzariak-eta uzteko, egungo prozedura berbera mantenduko da: dagokion egunean, orduan eta tokian utzi behar dira horiek.
Informazioa
Horren guztiaren berri zehatzagoa izan nahi duenak hainbat bide izango ditu. Hasteko, udalak informazioa etxez etxe banatuko du, eta gainera, Arizabaloko informazio bulegoa zabalik mantenduko da datozen asteetan. Hala ere, hainbat gai fintzeko eta iradokizunak egiteko epemuga jarri du udalak, ekainaren 1a arte. Bitarte horretan sanjuandar bakoitzak bere ekarpena bideratzeko aukera izango du.