Udarari begira haur eta gazteentzako antolatu duten kirol jarduera sortaren berri eman dute gaur goizean Unai Unsuain, Oihan Tello, Miguel Mari Torrea eta Mikel Arrutik, Errenteria, Oiartzun, Pasaia eta Lezoko kirol zinegotziak hurrenez hurren.
Hamasei jarduera antolatu dituztela aurten lau udalek elkarlanean azaldu du Torreak 8 eta 16 urte arteko haur eta gazteei begira. Aurtengo berrikuntza dutela ere gaineratu du Pasaiako Kiroletako zinegotziak: “Eskalada eskainiko dugu lehenengoz. Jarduera Oiartzun eta Lezoko kiroldegietan eta Trintxerpeko rokodromoan egingo da”. Arroka naturaletan jarduera egiteko aukera ere izango dute bertan oarte hartzeko izena ematen duten gazteek, “eguraldiak laguntzen badu, San Marko edo Puntetan esklatzeko irteeraren bat izango da”, azaldu du Torreak.
Hilaren 6an matrikula zabaldu
Datorren astelehenean bertan zabalduko da udako jardueretarako izena emateko epea, Tellok zehaztu duenez. Hala ere informazio guztia biltzen duen esku orria lau udalerrietako ikastetxeetara zabalduko dutela jakinarazi du Unsuainek. Lau zinegotziek elkarlanaren gaineko balorazio “baikorra” egin dute, “izan ere lau herrietan dauden baliabideak oarsoaldeko herritarren eskura jartzen baititugu horrela”, esan du Arrutik.
Lezo, Errenteria, Oiartzun eta Pasaiako udalak eskaintza bateratua aurkezten duten bigarren urtea da honakoa.