Bihar irekiko dituzte Merkatuzarreko ateak 35.enez, Euskal Herriko Eskulangintza Azokarako. Hiru egunez, zazpi lurraldeetako artisauek egindako lana ikusi eta euren produktuak ikusteko aukera izango da. Urtetik urtera berritasunen bat sartzen saiatzen da Ereintza elkarte antolatzailea, eta aurten berrikuntzarako saltoa emango du. Martxoko artisau jardunaldietan irekitako bidea jarraituz, eskulangintza azokan ere berrikuntza txertatuko dutela jakinarazi du Ereintzak, eta beraz, artisautza tradizionalarekin batera, modernoa edo berritzailea ikusteko aukera izango da. Era berean, Ereintzak Bikaintasun azoka izateko helbururantz eraman nahi du feria, eta aurtengotik abiatuko dela azaldu du Kepa Oliveri elkarteko kideak.
Gaur goizean aurkeztu dute 35. eskulangintza azoka, Donostiako Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, eta Oscar Usetxi Berrikuntzako diputatuak eta Jone Idiazabal Ereintzako lankideak lagunduta egin du agerraldia Oliverik.
Feria publikoarentzat erakargarri izatea nahi dutela adierazi du Oliverik, eta zentzu horretan, elkarren artean kontrajartzen diren jarduerak aurkeztuko dituztela jakinarazi du. Saskigintza tradizionala (zumitzarekin egiten dena) eta garaikidea (ehunak eta zuntzak konbinatuz egiten dena) erakutsiko dituzte. Gauza bera altzarigintzarekin: tradizionala eta berria paletekin egiten dena.
Ikuskizuna barruan bakarrik ez da izango. Merkatuzarren sarreran Carlos Irazu artisauak zura motozerraren laguntzarekin moldatuko du. Horrekin batera, Oier Elordui errementariak forja tradizionala eta diseinuzkoa erabiliz irudiak egingo ditu. Larunbatean eta igandean goizez nahiz arratsaldez ibiliko dira lanean.
46 artisau
Hiru egunez 46 bilduko dira Merkatuzarren. Idiazabalek jakinarazi duenez, hemeretzi izango dira azoka lehenengo aldiz bisitatuko dutenak, eta gehienak, gipuzkoarrak izango dira. Hainbat materialekin lan egingo dute: zura, buztina, papera, burdina, ehunak… Horiek lanean ariko direla azaldu du, jendeari nola lan egiten duten ikusarazi nahi baitiete, modu horretara euren produktua ere gehiago baloratzeko.
Bihar arratsaldean zabalduko ditu ateak azokak, 18:30ean, eta larunbat eta igandean goizez zein arratsaldez egongo da irekita: 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Sarrerak 2,5 euro balio du.
Ekitaldian bi sari banatuko dituzte: artisau produktu onenarena (350 euro) eta erakusmahai onenarena (250 euro). Lehenengoan aldaketak izango dira aukeratzerako garaian. Lehen, eskulan guztiak kontuan izaten zituzten saria ematerako garaian, eta orain, berriz, artisauek lan bakarra aurkeztu beharko dute. Beraz, aukera izango dute hori hobeto lantzeko.