Ipuin batekin hasiko dituzte kontzertu pedagogikoak, ostiralean
Hondarribiko Udaleko Hezkuntza departamentuak antolatuta, Musika Eskolak bosgarren mailako herriko ikasleentzat emanaldia prestatu du ostiralerako, hilaren 3rako, kontzertu pedagogikoen programaren barruan Itsas Etxea Auditoriumean taularatzeko. Goizeko hamarretan hasiko da eta, programaren helburua pedagogikoa izanik, herriko ikastetxeen elkarlana ezinbestekoa dela adierazi zuten astelehenean egindako aurkezpenean Txomin Sagarzazu Hezkuntza zinegotziak eta Hondarribiko Musika Eskolako zuzendaria Arantxa Arzakek. Aste honetan egingo denaz gain, hilaren 16 eta 30ean eta ekainaren 4an izango dira kontzertu pedagogikoak Itsas Etxean.
Sagarzazuren hitzetan, “jarduera guztiek helburu nagusi batzuk jarraitzen dituzte: Batetik, Hondarribiko ahalik eta ikasle gehien kultur zenbait adierazpidetara hurbiltzeko aukera ematea. Bestetik, eskolaz kanpoko jarduerak aberasteko bide bat jartzea bilatzen dugu, baita ohitura batzuetan eragitea gure gazteei, kasu honetan, Itsas Etxea Auditoriumera hurbildu eta kulturaz gozatzea. Eta azken helburua, euskararen presentzia eskolaz kanpoan areagotzea da”.
Jarduera guztiak euskaraz izango direla nabarmendu zuen Arzakek. Musika Eskolako zuzendariak azaldu zuenez, ipuin batekin hasiko dituzte kontzertu pedagogikoak: “Musika Eskolan ematen diren instrumentu guztiak aztertuko dira ipuin baten bidez, eta pixkanaka instrumentuak nola elkartzen diren erakutsiko diegu bost urteko haurrei”.
Ostiraleko ekitaldiak irekiko du aurtengo kontzertu pedagogikoen egitaraua, baina aurretik beste kontzertu bat egin izan dute helburu berarekin. Izan ere, apirilaren 17an Irun-Hondarribiko txistularien eskolako ikasleek emanaldia burutu zuten herriko ikasleen aurrean Itsas Etxean. Horren aurretik, euskarazko zine emanaldiak programatu zituzten urteko lehen hiruhilekoan. “Herriko ia 1500 ikusle edo ikasle egon ziren. Haur Hezkuntzako bosgarren mailatik hasita DBHra bitarteko ikasleak, Talaia, Ama Guadalupekoa eta San Jose ikastetxekoak. Orain programak musikarekin jarraituko du eta beste 1.800 ikasle pasako dira Itsas Etxetik.