Irun ezagutzera joango dira hondarribiarrak larunbatean
HONDAE Hondarribiko Ondarearen Aldeko Elkarteak Irun ezagutzeko bisita gidatua antolatu du larunbaterako, maiatzaren 4rako. Goizeko hamarretan izango da, ordu horretan San Juan plazatik abiatuta. Zeregin horietan eskarmentu handia duen Mertxe Tranche irundarrak egingo ditu gidari lanak.
Irun hiriari buruz asko ikertu eta argitaratu izan du Tranchek eta bisita gidatuak prestatzen ere aritua da. Irungo Bilgune Feministarentzat, esaterako, Irungo emakumeek hirian utzitako arrastoa biltzen duen ibilbidea egin zuen iaz eta oraingoan hondarribiarrentzat egokitutakoa gidatuko du.
“Hain gertu eta hain urruti. Gure historiaren zatirik handiena elkarrekin egin badugu ere —modu baketsuan beti ez— gure auzotarren gaineko gehiena ezezaguna dugu. Topikoez eta erosketak egiteko lekuetatik harago, ez al litzateke plan ona izango beste kale batzuetatik paseatzea eta eguneroko paisaien atzean Irunek zer ezkutatzen duen deskubritzea”, azaldu du historialari irundarrak.