
IV. Haurren Eguna izango da aurtengoa
Hondarribiko Gazte Asanbladako neska eta mutilei esker, herriko haurrek euren eguna izango dute heldu den igande arratsaldean, maiatzaren 5ean, Gipuzkoa plazan. Laugarren urtea izango da eta, aurreko hiruretan bezala, jolasak, tailerrak, musika eta giro ona izango dira protagonista, haurrekin batera noski. Baina berritasunik izango du aurtengoak, bi jardunalditan banatuko baitituzte ekimenak. “Aurtengoan eraikitzen jolastuko dugu, jostailuak sortuko ditugu eta dena hondakinekin”, azaldu dute Gazte Asanbladatik.
Hala, Hondarribiko 4. Haurren Eguneko leloa
Berrerabili, zaborrik ez sortu, hondakinekin jolastu! izango da. Eta hondakinekin, buruhandiak eta musika tresnak prestatuko dituzte. Buruhandiak bi egunetan sortuko dituzte, maiatzaren 5ean (16:30etik aurera) eta hurrengo larunbatean, hilaren 11n (11:00etan hasita). “Lehenengoan, buruhandiari forma eman eta begi belarri eta abarrak jarriko dizkiogu. Bigarren egunean, berriz, buruhandiak margotzeari ekingo diogu”. Haur eta gaztetxoei, mantalak eramateko eskatu diete, beharko dituztelako.
Musika tresnak ere bi egunetan, 5ean eta 11n, prestatuko dituzte. “Hondakinak hartu, transformatu eta musika egingo dugu hauekin. Azken egunean, gainera, musika tresna guztiak batu eta musika egiten saiatuko gara”, nabarmendu dute Gazte Asanbladatik.
Berrerabili badaiteke, hobe
Ekimenarekin, birziklatzera bota aurretik hondakinak berrerabili daitezkeela erakutsi nahi diete haurrei. Gipuzkoa plazara hurbiltzen direnek hori ikasiko dute, eta ikasten jolasteko aukera izango. Eta bukatzeko, beste sari bat izango dute, bi egunetan. Igande honetan, buruhandiak prestatuta eta lehortzen utzita, txokolatada jatea presatuko dute gazteek. Eta hurrengo larunbatean, hondakinekin sorturiko musika tresnekin kontzertua egingo dute, Hondarribiko Gazte Asanbladak antolatutako IV. Haurren Eguneko bigarren jardunaldian.