Kooperaziorako laguntzak martxan jartzeko bitartekoak eskatu ditu EAJk
Udalak Euskal Fondoari nazioarteko kooperazioko proiektuetan erabiltzeko 100.862 euroko diru laguntza zuzena “deialdi publikorik gabe” eman izana kritikatu du EAJk, eta halakorik berriro ez gertatzeko, “nazioarteko kooperaziora zuzendutako laguntzak tramitatzeko bitarteko material zein pertsonalak jartzeko” eskatu dio EAJk Errenteriako Udal Gobernu Taldeari.
Hilaren 2an atera zen aurrera nazioarteko kooperazioaren barruko proiektuetara bideratzeko laguntzen dekretua. EAJren arabera, baina, “udalak berak dekretu horretan onartzen duen bezala, dekretu hori tramitatu eta kontrolatzeko bitarteko material edo pertsonalik ez du jarri”.
Horregatik, deialdi publiko bidez, nazioarteko kooperaziorako diru laguntzak tramitatzeko bitartekoak jartzeko eskatu dio udalari, eta Errenteriako Udalak jarritako irizpideak errespetatu eta gizarte-egoera ahuleko taldeengana zuzendutako proiektuak lehenesteko, “hala nola, zaharrei, emakumeei edo haurrei zuzendutakoak”.
EAJren esanetan, 2012ko laguntzak “deialdi publikoko espedienterik gabe onartu dira 2013ko apirilean”, eta 2013ko laguntzekin halakorik ez gertatzeko eskatu du. Hala, epe barruan egin ahal izateko “ahalik eta lasterren egiteko” galdegin du.