
‘Zertarako hegoak’ obraren Hondarribiko antzezpeneko une bat
Antzezlan erakargarria prestatu du Metrokoadroka kolektiboak Berriaren 10. urteurreneko ospakizun birarako, eta emanaldiz emanaldi jendearen harrera beroa lortzen ari da. Larunbatean Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean aurkeztu zuten
Zertarako Hegoak obra, Berriako zuzendari Martxelo Otamendik aurkeztutako ekitaldian. 150etik gora lagun elkartu ziren auditorioan, gehienak HITZA eta Berriako harpidedunak edota Berrialagunak. Hilaren 10. urteurreneko bira Errenterian hasi zenetik ekitaldi jendetsuena izan da Hondarribikoa, eta Otamendik ikusleentzat esker hitzak izan zituen, baita egunero Berria zein HITZAko irakurle direnentzat ere.

Martxelo Otamendik egin zuen aurkezpena
Aurrena, Berria egunkariaren historia laburbiltzen duen
Berriak 10. hamarnaka kontatzekoak gara bideoa proiektatu zuten eta ondoren izan zen jaialdiko ekitaldi nagusia, Metrokoadroka antzerki tailerrak urteurrenerako propio sortu duen
Zertarako hegoak antzezlana.
Antzezlanak gizakien arteko harremanei buruz gogoeta egiten du, baina umore ikuspegitik landua dago. Orain arteko emanaldietan ikuslearen arreta eta konplizitatea bereganatu du. Agus Perez antzerki kritikoaren ustez, “…kolektiboko partaideen sormen paregabearekin jaio da euskal dramaturgiaren izar berri hau: ikusle arruntak sano gozatuko du emanaldiarekin, eta ikusle prestuak plazer handiz jasoko ditu ohiko antzerkiaren eremuan gutxitan aurkituko zituen bertuteak”.
Hondarribian ikusleek barre asko egin zuten emanaldian zehar eta, saioa amaituta, txalo zaparrada luzea eskaini zieten Metrokoadroka taldeko partaideei. Ondoren, Berria Taldearen materiala saltzeko Itsas Etxeko pasiloetan jarritako mahaira hurbiltzen zirenek obraren maila nabarmendu zuten. Antolatzaileak ere kontent ziren, bertaratutakoek gozatu zutela ikusita.