
Erakundeetako eta enpresetako ordezkariak, herenegun, Irungo Udalean
Akitania-Euskadi euroeskualdearen jardueren barruan, Bidasoko bi aldeen arteko tren zerbitzuaren gaineko gogoeta egin zuten atzo Irungo Udalean. Izan ere, bi aldeetako ordezkariak tren zerbitzu “bateratu eta koherente” baten alde azaldu ziren, eta bide horretan baliabideak jartzeko konpromisoa azaldu zuten. Transfermuga izena jarri diote trenaren gaineko gogoeta egiteko foroari, eta atzo, hainbat erakundetako nahiz enpresetako ordezkariak izan ziren udaletxeko bilkuran.
Izan ere, Donostia-Baiona eremuan 500.000 biztanle daudela nabarmendu zuten atzoko bilkuran izandakoek, eta horiek administrazio ezberdinek kudeatzen dituzten tren zerbitzuak erabiltzeko erraztasunak behar dituztela. Hala, burdinbideen zabalerak bateratzen, txartelen prezioak egokitzen, eta informazioa era integralean ematen hasi behar direla ondorioztatu zuten parte hartzaileek, “epe labur edo ertainera”. Eta hori erakundeen arteko eta trenen kudeaketan dabiltzan enpresen arteko elkarlanaren bitartez egin behar dela nabarmendu zuten, hasteko, ikerketa lanak eginez.