
‘Zertarako hegoak’ obrako une bat
Berriako zuzendari Martxelo Otamendik egingo ditu aurkezpen lanak gaur arratsaldean Berriaren 10. urteurren biraren barruan Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean egingo den jaialdian. Otamendiren aurkezpenaren ondoren, Berria egunkariaren historia laburbiltzen duen
Berriak 10. hamarnaka kontatzekoak gara bideoa proiektatuko dute (
ikus aurrerapena) eta ondoren izango da jaialdiko ekitaldi nagusia, Metrokoadroka antzerki tailerrak urteurrenerako propio sortu duen
Zertarako hegoak antzezlana.
20:00etan hasiko da 10. urteurren ospakizuna Hondarribian. Sarrera oraindik erosi ez duenak Itsas Etxeko leihatilan izango du aukera, emanaldia baino lehen. Oarso Bidasoko HITZAren zein Berriaren harpidedunek bost euro ordaindu beharko dituzte eta ez direnek hamar.
Berrialagunek ere prezio erdian ikusiko dute jaialdia.
Berrialagun gehiago egitea da, hain zuzen ere, Berriak hamar urte bete dituela ospatzeko antolatu duten biraren xedeetako bat. Izan ere, etorkizuneko erronkei aurre egiteko, harpidedunen eta erosleen sostenguaz gain, laguntza ekonomikoa beharrezkoa du Berria Taldeak. Hori horrela, informazio mahaia jarriko dute gaur arratsaldean Itsas Etxearen atarian eta berrialagun izateko zer egin behar den azalduko dute bertan.