Pasaiako elkarteek zer egiten duten azalduko dute, kalean, Antxon. Maiatzaren 4rako Elkarteen Eguna antolatu dute udalarekin elkarlanean, laugarrena. Aurretik beste hiru barrutietatik pasatu ondoren, Antxo hartuko du lekukoa, beraz. Denera, 15 elkartek hiru gunetan zer egiten duten azalduko dute, baina modu praktikoan, jarduerekin. 17:00etatik 20:00etara luzatuko dira jarduera horiek, eta adin tarteka taldeak egingo dituzte, haurrek hiru gune horietako eskaintzaz goza dezaten: 5-7 adin tartekoak, 8-10ekoak, eta 11-12koak. Tarte bakoitzeko kideekin ni multzo egingo dituzte, gune bakoitzeko jarduerez hobeto gozatzeko, eta hogei minuturo aldaketak egingo dituzte. 20:00etan itxierako ekitaldia egingo dute Gure Zumardian, eta zozketak izango dira. Pasaiako haur guztiei zabalik dago eguna.
E! Hemen gaude, pasa hitza egitasmoaren barruan ulertu behar da Elkarteen Eguna. Erantzunkidetasuna eta elkarlana abiapuntu bezala hartuta, lan egiteko modu berri baten oinarri bezala ulertu behar da elkarteak elkar ezagutzeko eta elkarlana sustatzeko ekimena. Hala, maiatzaren 4ko festan, euskaraz jolasteko aukera izango dute haurrek, elkarteek urte osoan zehar duten eskaintzaren zati bat ezagutuz, horiek ere badirelako egitasmoaren funtsa, euskaraz aisiaz eta bestelako jarduerez gozatzea, alegia. Iazko festan 200 haurrek eta 50 bat begiralek parte hartu zuten.
Baina horren barruan ere haurren eta nerabeen eskubideak bermatzeko lan ildoa dago, eta elkarteek zeregin horretan duten garrantzia eta ardura nabarmendu dute elkarteek beraiek, eta udalak. Hala, udalaren arabera, zeregin horretan elkarteak “beharrezkoak” dira, “eskertzekoa da haiek egiten duten lana”.
Egitaraua eta guneak
Hiru gunetan banatuko dituzte Elkarteen Egunaren barruko jarduerak, bi gune Biteri plazan egongo dira, eta bestea Gure Zumardian. Hona xehetasunak:
- 1 gunea: Illunbe Arraun Elkarteak, Pasai Donibane Koxtape Arraun Elkarteak, Sanpedrotarra Arraun Elkarteak, eta Donibane Kirol, Jolas eta Kultur Elkarteak arraunari, eta trialari lotutako ekimenak prestatuko dituzte. 5-7 adin tarteko haurrek etxetik eraman behar dituzte bizikletak. Gure Zumardian egongo da gune hori.
- 2 gunea: Ekaitzak, Bovedak, Famak, Txassis-ek, Alkartasunak, Itsas Gelak eta Lamiak-ek tailerrak, jolasak eta eskulan tailerrak antolatuko dituzte. Biteri plazan egongo da gune hori.
- 3 gunea: Trintxer Hockey taldeak, eta Pasaia, Trintxerpe eta Sanpedrotarra futbol taldeek bi kirol horien gaineko jarduerak antolatuko dituzte.