Pasaia Garbia: "Alkateak ezezko biribila eman dio atez atekoaren moratoriari"
Pasaia Garbia plataforma kexu da udal gobernu taldearen jarrerarekin. Atez atekoaren moratoria eskatu zuten plataformako kideek, baina alkateak “ezezko biribilarekin” erantzun diela jakinarazi dute, “funtsik gabeko argudioak emanez”. Apirilaren 3an aurkeztu zuen moratoria eskaera taldeak udalean, “4.247 sinaduraren bermearekin”, eta aldi berean eskatu zuten bosgarren edukiontzia, esperientzia pilotu moduan, herri osora zabaltzea, txiparekin, “esperientzia horrek emaitza onak eman ditu beste udalerri batzuetan”.
Gainera, plataformako kideen ustez, “zalantzan” jarri du udalak 4.247 sinadura horien baliagarritasuna: “Ez al dute uste egia denik atez atekoaren kontra sinadura horiek daudenik?”. Izenpetze horiek notario batek egiaztatu zituela esan du Pasaia Garbiak, “eta inolaz ere ez ditugu udalean entregatuko. Pertsona horien izen abizenak izateko Bilduk duen interesaren gaineko susmoak ditugu”.
Bosgarren edukiontziaren eraginkortasuna alkateak zalantzan jarri duela ere esan dute taldeko ordezkariek, “atez atekoaren onurak goraipatuz. Errepikatuko dugu: atez atekoak gure hondakinak eurek nahi duten egun eta orduan jaistera behartzen gaitu”. Bilduk eta Pasaiako Ezkerrak “Pasaiarentzako onena zer den erabaki” dutela nabarmendu du Pasaia Garbiak, “baina pasaitarren iritzia kontuan hartu gabe, eta gainera, ez zuten euren hauteskunde programan aurreikusia. Dena herriagatik, baina herririk gabe. Gogoan al duzue?”.