Asteburuan hasi zen Munduko Trialsin Kopa, Alemanian. Bertan lehiatuko da bigarrenez Ion Areitio. Hogei urterekin, munduko lau onenen artean sartzea du helburu.
Ion Areitio trialsin pilotua
Ion Areitio txirrindulariak (Hondarribia, 1992) laugarren postua lortu zuen asteburuan Heubach-en (Alemania) egin zen 2013ko Munduko Trial UCI Kopako lehen proban. 20 hazbeteetako modalitateko Elite Mailan lehiatzen da —beste bat dago, 26koa— eta hirugarren postutik puntu bakarrera geratu zen; 54 puntu egin zituen Areitiok eta 53 Dani Comas katalanak. Benito Ros iruindarrak irabazi zuen proba, 48 punturekin.
2013ko Munduko Trialsin Kopako lehen proba egin zen asteburuan Alemanian. Zer moduz moldatu zinen?
Negua nahiko gogorra izan da entrenamendu eta prestakuntza fisikoaren aldetik. Iaz lehenengo bosten artean bukatu nuen Munduko Kopa, eta aurten horrela bukatzea espero nuen. Eta laugarren gelditu naiz, hirugarrenetik puntu batera. Proba nola izan zen ikusita ez dira emaitza oso adierazgarriak, lokatza eta kanpoko faktoreengatik, baina oso kontent nago.
Esan dutenez txapelketa lehorrerako prestatuta zegoen, baina ez zen bustirako egokia.
Kanpoko jendea asko kexatu da. Hemen, Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan askotan izan dugu lokatza, euria… Aurten, Gipuzkoakoan lau proba izan dira, eta hirutan eguraldi txarra egin digu. Ni behintzat nahiko ohituta nago. Baina ikusten da jendeari ez zaiola gustatu eta kristoren zalaparta sortu da horren inguruan, baina ez da hainbesterako izan.
Zuk zeuk zenbat fiasco (oztopoa ezin gainditzeagatik gehienezko zigorra) egin zenituen?
Finaletan oztopo zailenak jartzen dituzte, eta bi eremu eta hiru bira izaten dira. Bira bakoitzeko hiru bat fiasco egiten ditut normalean, maila oso handia delako. Eta Alemaniako probako finalean lehen biran bi egin nituen, eta bigarren biran guztiak, seiak. Lehen biran lehenengoak 23 hanka egin zituen, eta nik 24. Bigarrenerako dena okerrago jarri zen, eta ez nuen gune bat bera ere bukatu.
Kopako lehen proban laugarren izan zinen. Zein da zure helburua sailkapen nagusiari begira?
Bost proba dira. Hurrengoa Polonian, bi Alpeetan, horiek baino lehenago Europako Txapelketa Suitzan, eta Munduko Kopako azken proba Flandrian. Alemanian ez da superfinalik egin, ez gara finaleko lehen laurak aparte lehiatu. Iaz beti atarian geratu nintzen, bosgarren, eta aurten superfinaletan sartzea dut helburu, ahalik eta proba gehienetan lehen lauren artean geratzea.
Ez dago gaizki kontuan izanik bigarren urtea duzula nagusiekin…
Bai, nahiko ondo dago. 2011n Elite Mailan nintzen, baina Munduko Txapelketan orkatila puskatu nuen, eta ezin izan nintzen Munduko Kopan lehiatu.
Zeintzuk dira Munduko Kopa irabazteko faboritoak?
Alemanian nire aurretik geratu diren hirurak. Benito Ros aurrena —Lizarrakoak 11 aldiz irabazi du Munduko Txapelketa, eta lau aldiz Munduko Kopa—. Nik uste Benito eta Abel [Mustieles, aragoarra] direla faborito, eta Dani Comasek agian maila pixka bat baxuagoa izan dezake, baina hirurak dira garaipenerako faborito garbi.