Hondarribiko aurtengo zortzikoa
Bihar, larunbatarekin, Helduen Mailako Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Txapelketa egingo dute Orion, 8+ modalitatean (zortzikoa lemazainarekin). Lau talde lehiatuko dira: Donostiako Arraun Lagunak, Irungo Santiagotarrak, Orio eta Hondarribia.
Azken bi hauek dira faborito nagusienak, Gipuzkoako Ligako probetan aurrean izan direlako. Halaber, joan den asteburuan Cazauboneko (Okzitania) Nazioarteko Estropadan lehiatu ziren Frantziako Estatuko taldeeekin, eta bigarren izan zen Hondarribia eta hirugarren Orio, berdeengandik hiru segundu eta erdira.
Datorren astean amaituko da zortzikoen denboraldia, asteazkenean Legution (Araba) egingo den Euskadiko Txapelketarekin. 2008. urtetik Hondarribiak irabazi du udaberriko Euskadiko Txapelketa, Gipuzkoakoa bezala. Neguan distantzia luzeko txapelketak egin zituzten. Gipuzkoako Txapelketan oriotarrak nagusitu ziren eta Hondarribia Arraun Elkarteko ordezkariak Euskadikoan.
Igandean trainerillak San Pedron
Igandean, Gipuzkoako Trainerillen Ligako hirugarren proba izango da jokoan Pasai San Pedron. Aurreneko biak Hondarribiak irabazi ditu eta sailkapen orokorreko lidergoa sendotzeko asmoz joango dira Pasaiara.