Errenteria-Oreretako Gure Esku egitasmoa abian jarri zutela lau hilabete pasatu dira. Horren harira, hainbat argibide eman dituzte egitasmoaren sustatzaileek, tartean, dituzten helburuak. Hala, hastapen bezala, Gure Eskuren filosofia “pertsonei balioa ematea” dela esan dute, “pertsona sozialki aktiboak eta konprometituak izan gaitezen. Ez dugu beste satelite bat izan nahi. Ez dugu problematika jakin bat lantzen. Euskara eta Euskal Herria Orereta-Errenteriaren errealitate sozio-politiko, kultural eta linguistikoan zeharka lan egitea dugu helburu”. Hartara, pertsonen eta erakundeen artean lan egiteko “modu berriak proposatu eta esperimentatu” nahi dituztela zehaztu dute taldeko kideek, “helburu jakin batekin, eta erakunde politikoetatik kanpo antolatuta”, eta izenak baino, euren lan egiteko modua zabaldu nahi dutela jakinarazi dute.
Lau hilabeteotan hainbat jarduera egin dituztela adierazi du Gure Eskuk: museoetara bisitak, kontzertuetara joan, Korrika 18ren lekukoa Nafarroan eraman, herri lasterketetan parte hartu, udaleko arduradunekin bilerak egin, hainbat eragilerekin batzarrak egin… “eta azkenik gogoetak egin ditugu, gogoeta ugari”. Hala, taldeak nabarmendu du jada 200 lagun baino gehiagok bat egin dutela egitasmoarekin, eta jada talde dinamizatzailea sortzen ari direla, “ilusioz beteta gaude, eta proiektu interesgarriak lantzeko gogo handia dugu”. Beraz, taldean parte hartu nahi duen orok bertan tokia izango duela jakinarazi dute.
Honakoak dira Gure Eskuren helburu zehatzak, haien hitzetan:
- Lehenik eta behin, sozialki aktiboak diren pertsonen sarea sortzea, pertsonak motibatzea hainbat esperientzia elkarrekin lantzeko. Jakitun izatea gauzak aldatuko badira guk parte hartzen dugulako eta horiek aldatzeko ahalegina egiten dugulako dela, eta hori gure esku dagoela.
- Pertsonen parte hartzean oinarrituz, bitartekoak bilatzea parte hartze hori benetakoa izan dadin eta kontuan har dezaten, Kudeaketa Plan bat eta Ekintza Plan bat adostea, GURE ESKU osatzen dugun guztiok bertan parte hartzeko aukera izanik, eta horren bitartez motibazioa eta konpromisoa piztea, ezarri ditugun helburuak lortzeko.
- Pertsonek eta erakundeek proiektuetan elkarrekin lan egiten ikastea, proiektu horiek eraginkorrak izan daitezen lortzeko.
- Gure herriko EUSKALGINTZA aztertzea, bultzatzea eta hobetzea hainbat ikuspuntutatik; izan ere, gure hizkuntzaren normalizazioaren, kulturaren eta gure herriaren izatearen funtsaren alde lan egitea baino zeregin erakargarri eta koherenteagorik ez baitago.