Oiartzungo Udalak Talaiako garbigunearen ordutegia zabaltzeko eskatu dio formalki berriz ere San Markoseko Mankomunitateari, herritarrek hondakinak egoki sailkatzeko aukera gehiago izan dezaten. “Egun San Markoseko lehendakaritza duen PSE-EErekin elkarlanean, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko aukera lehenbailehen izango dugula uste dugu”, adierazi du udalak. Bide horretatik, Errenteriako PSE-EEri Oiartzungo eta Errenteria-Oreretako mugak txukun mantentzeko bi udalen arteko elkarlana bultzatzeagatik eskerrak eman dizkio Oiartzungo Udalak: “Elkarlan horretan hainbat herritar eta eragilek egiten duten esfortzua beti da aipagarria eta txalogarria”.
Errenteriako PSE-EEk
Fanderia ingurua “zabortegi” bihurtzen ari dela esan zuen eta egoeraren berri izan orduko ingurua txukuntzeaz arduratu dela adierazi du udalak. Dena den, “poligonoetako bilketa San Markoren ardura izan arren, argi dago denak elkarlanean txukuntasunaren eta garbitasunaren alde egin behar dugula”. Horrez gain, “kontrolik gabeko ” foko hori desagertzen denean eta garbigunea ordu gehiago irekitzen denean, Oiartzunek 2010eko maiatzean atez ateko bilketarekin hasitako bidean lortu dituen emaitzak hobetuko direla argi du udalak. Gaur egun
%82,75 birziklatzen du Oiartzunek.
Era berean, udala “kontziente” da obra-hondakinak ez direla atez ate biltzen oraindik eta horiek bideratzeko garbigunea dago. “Baliabideak hobetu artean, herritarrei barkamena eskatu nahi die udalak”.
Formakuntza eta baliabideak
Oraindik orain hondakinen kudeaketan “konpromiso falta” erakusten duten herritarrak badaudela adierazi du udalak eta “jarrera egokia” duten gainerako herritarrekiko errespetua eskatu die. Konpromiso falta erakusten horiei formakuntza eta baliabideak eskaintzen jarraituko duela berretsi du.
Herritarrei, bestalde, eskerrak eman dizkie udalak, “eurek erakutsi duten ardurak ahalbidetu baititu emaitza onak”.