Hondarribiko Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiak, Gizarte Zerbitzuetako udal teknikariak eta Bidasoko Stop Kaleratzeak plataformako ordezkariak mahai berean eseri ziren asteazken goizean, etxetik kaleratuak izateko arriskua duten familiei sostengua emateko xedea duen hitzarmena sinatzeko. Jose Mari Erauskin, Stop Kaleratzeak Hondarribia plataformako ordezkariaren ustez, akordioa oso garrantzitsua da: “Hitzarmenarekin, familia horien sufrimendu larriarekin jabetu egiten da udala, eta ez bakarrik kaleratze egoeran daudenekin, baita egoera horretara hel daitezkeenekin ere”.
Udalaren eta Stop Kaleratzeak plataformaren arteko hitzarmena
- Hipotekari buruzko legearen aldaketa era aktiboan sustatzea, eta ohiko etxebizitzari eragiten dioten utziarazpenei (etxetik kaleratzeei) buruzko araudi zehatz bat sortzea. Bitartean Estatuari esango zaio behartze-lotura aldi baterako eteteko, ekiditeko ohiko etxebizitza galtzea eta ordaindu beharreko zorra handitzea.
- Presazko neurriei buruzko 27/2012 Errege Dekretu Legea aldatzea, hipoteka zordunen babesa sendotzeko.
- Estatuari eskatzea lehiaketa-legea, hipoteka-legea eta Prozedura Zibilaren Legea aldatzeko, erabiltzaileak babesteko abusuzko klausulen aurrean duten babes eza egoeran.
- Eusko Jaurlaritzako Hipoteka bitartekaritza zerbitzua hobetu dadila eskatzea.
- Udalak zenbait erakunderekin duen harremana berraztertzea eta beharrezkoa bada amaitzea, baldin eta erakunde horiek Praktika onen kodea betetzen ez badute eta Hondarribian Hipoteken exekuzio prozedurak eteten ez badituzte.
- Udalak sor daitezkeen egoerak Gizarte Zerbitzuetan aztertuko ditu horien berri jakin ahala, teknikariak, alderdi politikoetako ordezkariak eta Stop Desahucios erakundeko ordezkariak bertan direla.
- Jardute protokolo bat jarriko da abian eragindako udal zerbitzuek nola jardun jakin dezaten.
- Udalak gizarte arreta bereziko taldetzat hartuko ditu etxetik kaleratutako pertsonak, eta eskura dituen etxebizitzak jarriko ditu kaleratze horien ondoriozko larrialdi egoerei erantzuna emateko.
- Udalak prozedura horietan sartuta dauden pertsonei berak duen informazio guztia eskainiko die Stop Desahuciosekin koordinatuta, eta aztertuko du ea kasu horren babes juridikorako diru-laguntza ematea komeni den.