Txitoak, lumak, arrautzak… Hau da hau San Marko opilek erakusleihoetan darioten kolore festa!
Atzoko eguna, ume denborako garrantzitsuenetako bat zen. «Zenbat arrautzetakoa?» galdera zebilkigun bolo-bolo haur ahotan: aitajaunen edota amandreen eskuetatik jasotako San Marko opilako arrautza kopuruaren proportzionala izaten zen poza. Gutxi axola zitzaion arrautza haiek, arrautza hotz triste haiek, noiz egosiak ziren edo zuringoa oskolaren pinturak tintatu izana. Zer den ume izatea!
Nik ez nuen San Marko opilik jaso, garai hartan Oreretakoa eta Irungoa soilik baitzen opilen ohitura, eta kanpoan izaki amandrea eta aitajauna. Hortaz, inbidia puntu batez entzun behar lagunen kontuak eta kontaketak.
Ez genuen jakin tradizio horren jatorria: zein den txitoen, lumen eta arrautzen esanahia, alegia. Auskalo zer dela eta bizkarreratu zitzaien guraso-ordeei ardura hura.
Opilak gora eta gotorlekuak behera, zein etxekoa egin zaigun San Marko izena. Ez da denbora asko, ordea, jakin dudala berez —berezkoa zer den esan badaiteke—, mendiak ez duela izen hori. Berezkoa Bizarain dela. Inoiz entzungabekoa gehienentzat, ezta?
Gotorlekua Bigarren Karlistadan eraiki zuten, Txoritokietakoarekin batera; 1888an, hain justu. Biak ala biak, Pasaiako portua, Donostia eta Orereta defendatzeko Oiartzungo lubaki eremua egitasmoaren parte ziren.
Aurretik, santu festa ederra izan zen tontor horietan. Bizaraingo mendilerroan bi baseliza izan ziren: Desertuko Santa Madalenarena eta San Jeronimorena. Bi eraikinak Juan Yerobi garaiko bikarioaren aginduz egin ziren, 1541ean eta 1561ean. Mendilerroari Madalena deitzen hasi ziren, baselizaren eraginez. Guillen Tolosa erretoreak deitura aldatu zion 1565ean, aurrerantzean San Klemente izan zelarik: arrazoia, Santa harek jadanik bere kapera bazuela Hiribilduko legenardunen ospitalean. Baselizan San Markoren irudia jarri zuten. Horra hor, artean Madalena zen mendiari izena berriro aldatzeko arrazoia.
Bi baselizak 1770ean eraitsi zituzten Espainiako errege agindu bat betez. Agiriei begira, baina, Bizarain litzateke mendiaren lehenengo izena, estraineko aipua 1409koa baita.
Opilak gora eta gotorlekuak behera, zein etxekoa egin zaigu San Marko izena
Espainiako armadak beretzat hartu zuen San Marko, eta udalak berea zena berreskuratzeko erosi egin behar izan zuen. Nola diren gauzak!
Gotorlekuaren aurretik ere begiratu zioten mendiari, antza: izan ere, parrokiko erretaula eta lorategi bihurtu zen zumardiko iturria egiteko marmola, Bizarainen dagoen Artxipi harrobitik atera zuten.
Bihar, berriz, San Marko opila eztarritik behera ezin joanik geratu zaionarentzat barra-barra izango da sagardoa. Gutxi usteko zuen duela 25 urte Oreretako lehenengo Sagardo Eguna antolatzeko bildu zen lagun talde harek, borondatez egin zuten lan xume eta, era berean, eskergak, zer nolako oihartzuna lortuko zuen. Urteurren biribil horrek ongi merezita, aitzurrak hartu eta sagarrondoak aldatu dituzte Arramendin. Jende horren ahaleginari esker, herri sagasti berria dugu guztiok.
Lehenagotik izan zen beste sagasti bat han, 1874an, Bigarren Karlistadan, liberalek bota zutena. Karlistak Arramendiko sagarrondoen artean babesten omen ziren gauez, Madalenako baratzan barrena, herria armez hartuta zuten goarnizioko soldadu liberalei tiro egiteko. Ondorioz, liberalek sagastia bota, eta Arramendiko muinoan gotorlekua eraikitzea erabaki zuten. Aspaldiko kontuak, inondik ere!
Paraje horietan, gaur egun, herrian jaiotako ume bakoitzagatik zuhaitz bat aldatzen dute. Pentsatzen jarrita, ume horiek, bere garaian, zer nolako San Marko opil eta Sagardo Egun ezagutuko ote dituzte?
Bien bitartean, guri dugunari eustea dagokigu… gozatu, bada, XXV. Sagardo Egunaz, eta topa beste hainbeste egin ditzan!