'Zertarako hegoak' antzezlana larunbatean Hondarribian, Berriaren biran
Antzezlan erakargarria prestatu du Metrokoadroka kolektiboak Berriaren 10. urteurreneko ospakizun birarako, eta asteburu honetan beste bi emanaldi eskainiko ditu. Bihar, Amurrion, eta, larunbatean, Hondarribian (Itsas Etxea Auditoriumean, 20:00etan).
Zertarako hegoak antzezlanak gizakien arteko harremanei buruz gogoeta egiten du, baina umore ikuspegitik landua dago. Orain arteko emanaldietan ikuslearen arreta eta konplizitatea bereganatu du. Agus Perez antzerki kritikoaren ustez, “…kolektiboko partaideen sormen paregabearekin jaio da euskal dramaturgiaren izar berri hau: ikusle arruntak sano gozatuko du emanaldiarekin, eta ikusle prestuak plazer handiz jasoko ditu ohiko antzerkiaren eremuan gutxitan aurkituko zituen bertuteak”.
Berria egunkariak proposatutako ‘Proiektu honek etorkizuna du, zuekin baldin bada’ ideiatik abiatuta, Metrokoadroka kolektiboak talde lanean sortutako lana da Zertarako hegoak. Gizarte-gogoetaren poetika batean kokatua dagoen komedia absurdua. Oier Guillanek idatzi du testua talde lanetik abiatuta. Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Iraia Elias, Iñigo Ortega eta Joseba Roldan dira antzezleak.
Bideoa ere
Hondarribiko ekitaldian antzezlana ez da bakarrik egongo. Berriaren ibilbide eta eginkizunari buruzko Berria opa eta topa bideoaren emanaldia eskainiko da. Bideoaren gidoia Lorea Agirrek, Maialen Lujanbiok eta Harkaitz Canok lanadu dute, eta Pixel ekoiztetxeak grabatu du. Berria zer den eta zertan den azaltzeko bideo bat da, erritmo handikoa eta umore printzez betea