Maiatzaren Lehenean zabalduko dute Donibaneko Aiton-Amonen aterpeko taberna
Badira hilabete asko Donibaneko Aiton-Amomen Aterpe berria inauguratu zutela, baina bertako taberna zerbitzua ez da izan martxan. Bada maiatzaren 1ean zabalduko dute zerbitzu hori, eta horretarako festa antolatu dute hori kudeatuko dutenek (Itsaso eta Eiderrek). Ontziola izena jarri diote jatetxe-tabernari.
Maiatzaren lehen eguneko 12:30ean zabalduko dute. Hasteko, egoitzaren erabiltzaileei salda emango diete harrera egiteko, eta arratsaldean egingo dute ekitaldi ofiziala, 17:00etatik 20:30era. Hala, tarte horretan, Oiartzungo Haurtzaro Ikastolako malabare taldeko kideek hainbat ikuskizun egingo dituzte, eta 3gabe2 taldeko kide batzuk ordubeteko kontzertua emango dute (19:00etan). Denentzat zabalik daude horiek guztiak.
Juan XXIII kalean dago Ontziola jatetxe-taberna, elizaren ondoko igogailuaren gainealdean. Astelehenetik ostegunera 09:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta ostirala, larunbat eta igandetan beranduago itxiko dute, besteak beste afariak emango dituztelako. Ostiraletan pintxo potea egingo dute. Eguneko menuak ere izango dira, baita hainbat motatako otartekoak eta plater konbinatuak ere.