Espainiako Gobernua prestatzen ari den Toki-Administrazioa Erreformatzeko Lege Proiektuaren kontrako mozioa onartu zuen atzo Hondarribiko udalbatzak, PSE-EE Udal taldearen ekimenez. Sozialistek aurkeztutako mozioan “Espainiako gobernuak toki-erakundeen funtzionamendua arautzen duten oinarri juridikoak aldatzeko asmoa” duela eta, besteak beste, 20.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan konpetentzia murrizketa nabarmena eragingo duela azaltzen zen.
Iosu Alvarez PSE-EEren bozeramailearen ustez, “lege egitasmoaren atzetik udalerrien konpetentziak pribatizatzeko asmoa dago eta Eusko Jaurlaritzari zuzendu zitzaion, tokiko administrazioaren lege proposamena berandu baino lehen prestatu dezan. Zentzu berean mintzatu zen Ion Elizalde Hamaikabat-eko hautetsia: “Askatasun murrizketak eta pribatizazioak datoz eskubiaren aldetik eta orain arteko gertakariek arrazoia ematen dute”.
Jose Miguel Otxoteko zinegotzi popularrak ukatu egin zuen “gobernuaren zirriborroak, hori baita oraindik” konpetentzia murrizketa ekarriko duenik eta nabarmendu zuen, Euskadiko popularrek, EAE eta Nafarroako lurralde historikoen konpetentziak errespetatzeko eskaria egin diotela gobernuari. “Legearen asmoa konpetentziak argitzea da, ‘erakunde bat, konpetentzia bat’ printzipioan oinarrituta”, gehitu zuen Otxotekok.
EAJren izenean alkatea mintzatu zen. “Aldaketa puntual batekin iraultza ekarriko duela” esan zuen Aitor Kerejetak eta izenetik beretik arbuiagarria dela esan zuen: “udalerrien arrazionaltasunerako eta iraunkortasun legea izanik, udalerrian irrazionalak eta jasangaitzak direla esan nahi du horrek, eta hori onartezina da. Estatuaren zorraren %6aren errudun dira soilik udalak , eta zenbaki horren oso behetik daude hemengoak, gainera”.
Bilduk lau puntuko beste mozio bat aurkeztu zuen, hiru puntuetan sozialistenarekin bat egiten zuena, baina laugarren puntu berezi bat zuena, legea ezarriz gero erakundeei ez aplikatzeko eskatuz. Kerejetak eta Alvarezek hori onartu ezin zutela adierazi zuten eta H1!-en ordezkariaren bozka besterik ez zuen lortu Bilduk. Sozialistak abstenitu ziren eta abertzaleen mozioa ez zen atera, EAJk kontra bozkatu zuelako. “Gai berarekin bi mozio ez ateratzeko”, bozkatu zutela kontra argitu zuen alkateak.
Sozialisten mozioa bai onartu zen, euren, jeltzaleen eta Hamaikabat-en botoekin. Bildu abstenitu zen eta PP-k kontra bozkatu zuen.
PSE-EEren mozioko puntuak
- Udalaren Osoko Bilkurak toki-autonomia berresten du eta, halaber, Udalek aukera berdintasunaren alorrean, demokrazian eta kohesio sozialean duten paper garrantzitsua nabarmentzen du, izan ere, aipatutako ezaugarriei esker egituratu delako lurraldea eta oinarrizko zerbitzuak eta gertukoak eskaini izan direlako. Halaber, udalei eta herritarrei, eta bereziki udalerri txikiagoei adierazi nahi die gure babesa eta aitortza dutela gizarte osorako luraldea bizirik mantentzeko egiten duten lanarengatik.
- Udalaren Osoko Bilkurak Espainiako Gobernuari eskatzen dio toki administrazioaren arrazionalizatze eta jasangarritasun legearen aurreproiektua erretiratu dezala eta, halaber, elkarrizketa-prozesu bat ireki dezala Diputatuen kongresuko talde parlamentario guztiekin, FEMP, EUDEL eta bestelako udalen federakuntza eta elkarteekin, toki esparrua eta herritarren eskubide sozialak arautzen duten legeen erreformari ekiteko, tokiko autonomia eta herritarren eskubide sozialak bermatuz.
- Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio, gure eskumenen babesean, bere lege-egutegian jaso dezala Euskadiko Udalen Lege-proiektua bidaltzea erakunde honetara. Lege-proiektuak, besteak beste, honakoak jasoko ditu: udal eskumenen zehaztapena, eskumenok aurrera ateratzeko behar den finantzaketa bermatzea eta herritarren eskubide sozialak jasotzea.
- Akordio honen berri emango zaie Espainiako Gobernuari, Eusko Jaurlaritzari, Estatuko Kontseiluari, Diputatuen Kongresuari, Senatuari eta, halaber, FEMParen gobernu-batzari eta EUDELeko zuzendaritza-batzordeari.