
Josetxo Gamio pala txapelketako jokalariak
Larunbat honetan (hilak 27) Euskal Herriko Josetxo Gamio Pala Txapelketa jokatuko dute 14:30etik aurrera Madalensoro pilotalekuan. Bost final jokatuko dira, bi emakumeenak eta hiru gizonenak.
Emakumeetan, Gazte Mailan Gabirondo-Eizmendi eta Senperena-Murua bikoteak arituko dira eta Helduen Mailan, Naroa-Arrate eta Eneritz-Ariane bikoteek jokatuko dute finala.
Gizonezkoetan, Lehenengo Mailan Antxordoki-Telletxea eta Rodriguez-Huegun arituko dira. Bigarren Mailan, Ramos-Zubimendi eta Loidi-Urdanpileta. Eta Hirugarren Mailan, Pagoaga-Pagoaga eta Bikutze-Mikela bikoteak lehiatuko dira.
Finalak jokatu eta gero, sariak banatuko dizkiete txapeldunei eta ondoren Girizia elkartean afaria egingo dute txapelketan parte hartu duten pilotariek.
Txapelketan 73 bikote
Aurtengoa Josetxo Gamio pala txapelketaren 30. aldia da eta 73 bikotek hartu dute parte. Horietatik zortzi emakumeak eta gainontzekoak gizonezkoak. Guztira 106 partida jokatu dituzte. Girizia elkarteak antolatzen du urtero txapelketa hori, Gipuzkoako Pilota Federakuntzaren eta Oiartzungo Udalaren babesa eta laguntzarekin.