Trintxerpeko "lur eta lokatz mendia" kentzeko eskatu du Herrera Herrira-k
Herrera Herrira herri plataformak jakinarazi du Trintxerpen, posta bulegoaren eta Ziriza Etxearen artean, “lur eta lokatz mendia” jarri dutela, “azken aldian ikusten ari gara gure herria naturaren kontrako elementuekin apaintzen ari direla”. Garbi esan du plataformak hori kendu behar dela, eta udalari eskatu dio “atzerapenik gabe” Pasaiako Portu Agintaritzarekin bil dadila “beharrezko gestioak egiteko. Ez dugu ulertzen herritarrek horrelako zerbait pairatu behar izatea, tonaka lokatz eta lur izatea gure herriaren erdialdean”.
Herrera Herrira-ren arabera, eraikuntza enpresa batek utzi du bertan lurra eta lokatza “garraio gastuetan aurrezteko, Pasaiako Portu Agintaritzaren baimenarekin”. Hala, herri ekimenak Kaiko Herrerarako egin zuen ordenazio proposamena gauza dadin eskatu du berriz ere, “zonalde hori, oraintxe bertan, parke edo plaza publiko bihurtzeko”. 2009an landu zuen proposamenaren alde lanean jarraituko duela berretsi du taldeak, eta bide horretan egin daitezkeen ekimen edo lan “zehatzak” bultzatuko dituela jakinarazi du.