Udal Gobernu Taldearen hasierako proposamenari ekarpenak egin dizkiete herritarrek, Bilduk eta Alde Zaharreko auzo elkarteak batez ere
Urdanibia plaza biziberritzeko behin betiko egitasmoa idazteko prest dago. Udal Gobernu Taldearen hasierako egitasmoari ekarpenak egin dizkiete hiriko eragileek, eta udalaren arabera “horietako asko” kontuan hartuko dituzte behin betiko egitasmo horretan. Hala, ekarpen gehien Bilduk (24 ekarpen) eta Alde Zaharreko-San Juan eremuko auzo elkarteak (beste 24) egin dituzte, baina Hiritarren Foroak (ekarpen propioa egin dute, baina auzo elkartearenak bere egin dituzte ere) edo Euskal Kirolak elkarteak (proposamen zehatz bat egin dute) ere ideiak eman dituzte. Atzo egin zuten horien berri emateko parte hartze prozesuko beste urrats bat, batzarrean.
Udaletik jakinarazi dute “laster” idatziko dutela behin betiko egitasmo hori, “ahalik eta azkarren esleitzeko eraikuntza lanak, eta uda eta gero makinak bertan lanean hasteko”. Hala ere, egitasmoa, ekarpenekin,
Irungo Udalaren webgunean ikus daiteke.
Zuhaitzen erradiografia

Udaleko ordezkariak, herritarrei azalpenak ematen
Atzoko agerraldian, udaleko parkeen eta lorategien sailak egindako ikerketa baten berri eman zuten. Urdanibia plazako 80 zuhaitz ikertu zituzten, zein egoeratan dauden jakiteko. Hala, horren arabera, bertako 20 zuhaitz “egoera kezkagarrian edo oso kezkagarrian” daudela jakinarazi du udalak, eta horien gaineko “arreta berezia” jarriko dute.