Irungo Ezker Batua: "Ficobak superabita duela esatea ez da egia"
Irungo Ezker Batuaren udal taldeko bozeramaile Manuel Millanen esanetan, Ficoba Irungo Udalarentzat “ekonomikoki zulo beltza” da, “superabita duela esatea ez da egia”. Hala, Millanek eman dituen datuen arabera, udalak 2013ko aurrekontuan 1,3 milioi euro bideratu ditu erakustazokara, eta horietatik erdia maileguak amortizatzeko direla esan, eta beste erdia Ficobaren ohiko gastuak ordaintzeko direla zehaztu du. Ezker Batuko kideak azaldu du guneak dituen diru sarrerek, gastuen %10 betetzen dutela “soilik”.
Adierazpenak gaur goizean egin ditu Millanek. Izan ere, biharko udalbatzarrerako alkateak mozioa aurkeztu du, Eusko Jaurlaritzak 2013ko aurrekontuan Ficobarako diru laguntza sar dezala eskatuz. “Alkateak mozio horretan ez du egitasmoaren errealitate osoa azaltzen, egitasmoak duen egitura defizita ezkutatzen du”.
Horrela, duela hamar urte “egitasmoa sustatu baino lehen” aurreikusitako helburuak ez direla bete uste du Millanek. Ficoba martxan izan eta hirugarren urtean udalak diru etekina aterako zuela espero zela esan du EBko kideak. Hala, EBko kideak esan du bere alderdiak Ficobari diru laguntza emateko proposamena egingo diola Jaurlaritzari, “baina errealitatea ezkutatu gabe”.