Hendaiako ikastetxeetako artista gazteen topaketa, ostegunean
Hendaiako ikastetxeetako artista gazteen hamargarren topaketa egingo dute etzi (osteguna), bi emanalditan, Varietes antzokian, Jatorrizkotik… nire erara! izenburupean. Ikasleek animatzaileen laguntza izango dute egitasmo artistikoa erakusteko garaian, eta antzerki, dantza, musika eta bideoen bidez euren sorkuntzen berri emango dute. Ekitaldi irekia 19:30ean izango da, eta euro bateko prezioa du: Pompier Solidaires elkarteari emango diote sarrerekin lortutako dirua. Herriko Etxeak jakinarazi du komeni dela aldez aurretik sarreren erreserba egitea, horiek Herriko Etxean hartuz bihar (asteazkena, eguna barne) arte).
19:30ean publiko guztiarentzako emanaldia hasiko bada, 17:30ean beste bat egingo dute. Horretara Aizpurdi Eskualdeko Lizeo Profesionaleko ikasle eta irakasleak, hedabideak, hautetsiak eta laguntzaileak joan daitezke, baita hala nahi duten herritarrek ere, baldin eta aldez aurretik sarreraren erreserba egiten badute.
Hendaiako Herriko Etxearen, Familia Laguntza Kutxaren eta Frantziako Estatuko Gizarte Kohesioa ministerioaren artean izenpetu zuten Gazte Aisialdi Kontratuaren barruko ekimena izango da ostegunekoa. Hamargarren ekitaldia da, eta ikasle gazteek autonomia garatzeko eta taldeko proiektu artistikoetan inplikatzeko aukera dute egitasmoarekin, 2003tik. Indaratz eta San Bixente ikastetxeetako ikasleek parte hartuko dute ikuskizunean, eta lizeokoek hainbat alorretan lagunduko diete. 11-17 adin tarteko ikasleak dira.