Fenix 11*23 benetako gertakizunetan oinarritutako filma emango dute datorren ostegunean 19:00etatik aurrera Gezala Auditoriumean Lezoko Udaleko Kultura Sailak antolatuta.
Harry Potter y la Orden del Fénix filmean oinarrituta, 14 urteko Eric Bertranek hizkuntza katalana defendatzeko web orria zabaldu zuen 2004ko udazkenean. Hori da filmaren abiapuntua eta hortik aurrera Bertranek bizitutakoak kontatu dituzte Joel Joan eta Sergi larak zuzenduriko filman. Gau batean 30 Guardia Zibil bere etxera sartu eta informatikari terrorista izatea leporatu zioten Bertrani, supermerkatu kate bati etiketak katalanez jartzeko esaktzen zuen mezu elektronikoa bidaltzea izan zen gaztearen “krimena”.
Drama generokoa da Albert Plans eta Hector Hernandezek idatzitako filma eta 2011. urtean ekoitzi zuten. Kritika bikainak jaso ditu lanak eta zinema jaialdi garrantzitsuetan lekua izan du. Pase berezia izango du Salisbury International Festibalen eta Erromako Rome Independent Film Festivalen ere hartuko du parte. Aurtengo Gaudi sarietarako zazpi izendapen lortu ditu
Fenix 11*23k.
Filma bertsio originalean emango dute, katalanez, eta gaztelerazko azpitituluak izango ditu.
Filmaren emanaldia amaituta gertakarien protagonista den Eric Bertranekin solasaldia izango da Gezalan bertan.