Bi alkateek herritarren elkarlana eskatu dute aurkezpenean
Landare jatorriko hondakinak jasotzeko bosgarren edukiontzia Irun eta Hondarribiko auzo guztietara zabaltzen ari dira, duela bi urte bost auzoetan abiatutako esperientzia pilotuak nabarmen huts egin badu ere. Maiatzaren 1a arte informazio kanpainia egingo dute eta 50 edukiontzi gehiago jarriko dituzte, erabiltzeko borondatea agertzen duten herritarrentzat.
Gaur goizean Txingudi Zerbitzuak erakunde publikoaren egoitzan eginiko aurkezpenean bi hirietako alkateek onartu dutenez, 2011n abiatutako esperientzia pilotoak ez ditu esperotako emaitzak jaso. Kazetarien galderei erantzunez, Aitor Kerejeta Hondarribiko alkateak onartu du proba bezala herrian jarritako edukiontziek oso erabiltzaile gutxi izan dituztela, eta Irunen datuak “oso antzerakoak” izan direla. “Berez oso-oso kontzientziatuta daudenek parte hartu dute eta horiengana iristeko ez da kanpaina handirik behar, baina gizarteari eskuan zer daukagu erakutsi behar zaio eta baliteke bizilagun batzuek ez jakitea, erakundeetatik behar den bezala informatu ez zaielako. Oraindik bada jendea papera birziklatzea garrantzitsua ote den galdetzen duena eta bereizten ez duena, birziklatzen ez duena”.
Horregatik, “herritarrei sistema beharrezkoa dela” jakinarazi behar zaiela uste du Hondarribiko alkateak eta, horretarako, “informazio konstantea eta informatzeko kanalak etengabe irekita mantentzea beharrezkoa da, hiritar guztiengana eta bakoitzarengana iritsiz, finean helburua birziklatzen diren hondakinen tasa igotzea delako”.
Irungo alkate Jose Antonio Santanoren ustez oso inportantea da jendeak arazoaren kontziente izatea eta bosgarren edukiontziaren aldeko hiru arrazoi eman ditu: “Batetik, jasotzen diren hondakinekin konposta egingo da, nekaqzaritzarako edota etxebizitzetan erabiltzeko; bestetik, ingurumena zaintzeko balioko du, egun urtean 26.000 tona bideratzen ditugulako zabortegira eta horietatik %40a gutxi gorabhera organikoa delako; eta azkenik, arrazoi ekonomikoa ere badago, funtzionatzen badu, zaborren tasan eragina izango duelako”. Zabortegira eramaten den tona bakoitzaren kostoa 132 eurokoa dela azaldu zuen Santanok, eta konpostatzen denarena, 65 euro, erdia. “Zaborren tasa sistemaren kostua da eta kostuak jaisten badira tasa jaitsiko da”, baieztatu zuen Irungo alkateak. Hori horrela, hondakin organikoak bereiztea borondatezkoa izango dela nabarmendu zuen Santanok: “Sistema borondatezkoa da, baina herritarren elkarlanean eta arduran oinarria du”.
Guztira 119 edukiontzi
Dagoeneko auzo batzuetan jarri dituzte edukiontzi marroi berriak eta ostiralerako denetan prest egongo dira. Guztira 119 edukiontzi jarriko dituzte, proba pilotuko 69ak eta 50 berri. Hiritarrak behar bezala informatzeko 30.000 eskuorri banatuko dituzte, bosgarren edukiontzian zer bota daitekeen eta zer ez azaltzen dutenak. Gainera, etxebizitzetako sotoetan kartelak jarriko dituzte, ekimenarekin bat egiten duten auzotarrek haien izena jar dezaten.
Internetez eta telefonoz ere egin daiteke, 902 11 93 84 zenbakira deituta. Hori bai, maiatzaren lehena baino lehenago egin behar dute, epe laburra, are gehiago eskatutako publizitate kanpaina prest ez dagoenean. “Irratietan jartzeko iragarkiak eskatu ditugu baina oraindik ez zaizkigu iritsi”, onartu zen Miguel Angel Muñagorri mankomunitateko kudeatzaileak.
Maiatzaren 2an hasiko dira interesa agertu dutenen artean beharrezkoa duten materiala banatzen: plastikozko saskiak, poltsa biodegradagarriak eta edukiontziak irekitzeko giltza bana. Egun horretatik bertatik erabili ahalko dira Irun eta Hondarribiko auzo guztietan jarriko diren edukiontzi marroiak. Orain arte esperientzia pilotua jaso duten auzoetako biztanleek ere jasoko dute informazioa eta haiei ere eskainiko zaie parte hartzeko aukera. “Duela bi urte baino arrakasta handiagoa izango duela uste dut, egungo testuingurua dena delako”, adierazi zuen Irungo alkateak.