Talde jeltzalearen arabera, etapa guztietan familien errenta maila kontuan hartuko delako emango dio baiezkoa aldaketari; neurri hori EAJren udal taldeak proposatutakoa da
Asteazkeneko udalbatzarrean udal haur eskolako tasen aldaketaren aldeko botoa emango dute EAJko zinegotziek. Horren arrazoia da adin tarte guztietan familien errenta maila kontuan hartuko dela tasak ordaintzeko, beraz, aurreko osoko bilkuran udal gobernuak zituen irizpideak aldatu –EAJren proposamenak kontuan hartuz–, eta tarte guztietarako ezarriko du neurri hori. Gobernu taldearen hasierako proposamena zen 0-1 urteko harren familien ordainketan errenta kontuan hartzea, baina 2-3koei 131 euroko kuota finkoa ezartzea. Xabier Iridoy jeltzaleen bozeramaileak gogorarazi du udan hobarien irizpidea ere aldatu zela.
Horrekin bakarrik ez. Haur eskolako tasen aldaketak “norabide zuzenean” doazela esateko beste hainbat argudio plazaratu ditu gaur goizeko agerraldian Xabier Iridoyk. Hala, familien errenta diru sarrera jakin batzuren azpitik badago tasan %50eko murrizketa egitea , edo bigarren anai-arrabera haur eskolan izanez gero %25ekoa egitea positiboa da EAJko kideentzat.
Bestalde, familia eta lana bateratzeko ahalbidetzen duten artikuluak ere aipatu ditu Iridoyk, “ondorioz, lana eta familia uztartzeko erraztasunak” emango direla esan du “errenta baxuenak kontuan izango dituzten tarifekin”.