Mikel Llorente: "Talde honek ez ditu inoiz besoak jaisten"
Larunbatean Ohorezko Mailako lider Oiartzun taldearekin galdu zuen Hondarribiak etxean (2-3). 0-2 aurreratu ziren oiartzuarrak baina etxekoek partida berdintzea lortu zuten. Bigarren zatian eta jokalari bat gutxiagorekin, partida irabazteko aukerak izan zituzten hondarribiarrek baina Oiartzun izan zen hirugarren gola sartu zuena, luzapenean.
Horrenbestez, zazpigarren segitzen du Hondarribiak. Aurretik dagoen Beriok eta atzetik datorren Tolosak, biek berdindu zuten eta ezer gutxi aldatu da multzoko postu horietan. Liga amaitzeko bost partida falta direnean, taldea “sasoitsu” dagoela dio Mikel Llorente entrenatzaileak eta datorren asteburuan Oiartzunekin galdutakoa Beti Gazteri irabazita berreskuratzea espero du.
Zer nolako partida egin zenuten liderraren kontra?
Lehenengo minutuan gola jasotzeak min egin zigun eta partidan sartzea kostatu zitzaigun. Poliki-poliki lortu genuen baina taldea ondo zegoenean sartu ziguten bigarren gola, kontraerasoan. Oso zail jarri zitzaigun partida, liderra aurrean genuela kontuan izanda, baina talde honek ez ditu inoiz besoak jaisten eta ordurarte bezala lan egiten jarraitu genuen.
Horrela, berdinketa lortu genuen. Partida bukatzeko 25 minutu falta zirenean jokalari bat gutxiagorekin geratu ginen, baina ordutik aurrera ere taldeak aurpegia ematen segitu zuen eta irabazteko aukerak izan genituen.
Araututako denboratik kanpora lortu zuen Oiartzunek hirugarrena…
Ulergaitza da, sei minutuko luzapena erabaki zuelako epaileak, nahiz eta ez zen horretarako arrazoi berezirik egon. Beraiek garaipenaren gola sartu eta berehala pitatu zuen amaiera. Baina taldeak egindako lanarekin oso harro nago.
Azken partidetan lehen itzuliko maila berreskuratu duzue eta gabonen ondoren izandako beherakada gainditu.
Bai, egia da. Bigarren itzuliaren hasieran dinamika txarrean sartu ginen eta entrenamenduetan eta partidetan nabaria zen intsentsitatean puntu bat behera egin genuela. Ohorezko Mailan taldeen artean berdintasun handia dago eta, horregatik, bolada batean partidak irabazi gabe egon ginen. Orain, aldiz, taldea berriro oso ondo ikusten dut, gogotsu, nahiz eta hori ez den erraza izaten denboraldiaren zati honetan. Oso ondo entrenatzen gabiltza eta partidetan ere oso ondo lehiatzen ari gara. Denboraldi amaiera honetan emaitza onak lortuko ditugula uste dut.
Zazpigarren zaudete, bosgarrenetik hiru puntura eta bederatzigarrenetik laura, liga amaitzeko bost partida falta direnean. Zein postutan uste duzu bukatuko duzuela?
Gure helburua oraindik berbera da, astean zehar ondo lan egitea asteburuan maila ona emateko. Hori eginez gero, dudarik gabe partida guztietan irabazteko aukera izango dugu. Noski, helburua ahalik eta gorago bukatzea da eta, taldea ondo ikusten dut, posturen bat irabaziko dugula uste dut.
Iazkoaren alderatuta, jaitsierako postuetatik urruti zaudete eta denboraldia askoz lasaiago bukatuko duzue.
Denboraldia, orokorrean, nahiko ona izaten ari da, nahiz eta, nire ustez, taldeak gaitasuna daukan gotko postuetatik hurbilago egoteko. Baina bigarren itzuliko hasierak goikoengandik oso urruti utzi gintuen.