Lezora joan da Euskaldarrak-ek antolatzen duen gastronomia erakusketako lehen saria, Ixkulin elkarteak irabazi baitu Mikelazulo saria
Brandada pil-pil erako bakailao takoarekin pikillo kremaren gainean izeneko platerarekin. Epaimahaiaren esanetan, erabakia hartzea “zaila” izan da, “elkarteek aurkeztutako kazolen maila kontuan hartuta”.Larunbatean banatu zituzten sariak elkartean bertan egindako afarian. Fernando Ferreras eta Jose Maria Iñiguez Euskaldarrak-eko kideek prestatu zuten, eta postrea bukatu ondoren, sariak banatzeko txanda iritsi zen parte hartu duten Oarsoaldeko 24 elkarteren artean (Errenteria-Oreretako hamasei, Lezoko bi, Pasaiako lau eta Oiartzungo bi). Beheko koadroan daude irabazle guztiak.
Bi aste iraun ditu gastronomia erakusketak, eta era guztietako platerak ikusi ahal izan dira, eta batik bat arrainak izan du arrakasta platereko osagai nagusi bezala. Hori ere sarietan islatu da, gehienak arraina erabili baitute, eta zehazki, bakailaoa.
Egunero hiru elkartek parte hartu dute, eta eurek egindakoa epaimahai batek probatu du. Bi kide finkoak izan dira, Vicente Saez eta Manu Otegi Euskaldarrak elkarteko Gastronomia Saila ordezkatuz, eta gainontzekoak aldatzen joan dira. Izen handiko sukaldariak ikusi ahal izan dira bi aste horietan: Luis Irizar, Bernardo Beltran, Elena Arzak, Hilario Arbelaitz…
Irabazleak
- 1. Saria (Mikelazulo saria): Lezoko Ixkulin elkartea Brandada pil-pil erako bakailao takoarekin pikillo kremaren gainean platerarekin. Sukaldariak Joaquin Arzadun eta Iñaki Lujanbio izan ziren. Saria Javier Extremez elkarteko presidenteak banatu zuen.
- 2. Saria: Errenteria-Oreretako Gure Toki elkartea Iberikoan konfitatutako bakailaoa pisto eta jerez olio-ozpinarekin.Sukaldariak Jose Maria Martinez de Madina eta Juanmi Astiz izan ziren.
- 3. Saria: Pasaiako La Armonia elkartea Txerri mamia, oporto eran melatutako aranarekin eta gari nahiz perretxiko risottoaz lagunduta platerarekin. Sukaldariak Carlos Martin eta Unai Martin izan ziren.
- 4. Saria: Errenteria-Oreretako Euskaldarrak elkartea Legatza limadun urdai frijituarekin, txakolin kabiarrarekin eta ardo gorria kezko kupulan platerarekin. Sukaldariak Jose Luis Carrera eta Ibai Carrera.
- Prezio-kalitate harreman oneneko plateraren saria: Errenteria-Oreretako Alkartasuna elkartea Alkartako bakailao kailuak platerarekin. Sukaldariak: Victor Sotomayor eta Iñaki Susperregi.
- Elkarteko plater tipikoaren saria: Pasaiako Lore Txorta elkartea Club ranero bakailaoa platerarekin. Sukaldariak: Joaquin Agote eta Jokin Agote.