Imanol Burguera, probaren une batean
Atzo jokatu zen Ulibarri Ganboako urtegi ederrean (Araba) Euskadiko Itsas Kayak Kopako lehengo proba, aurtengo egutegia zabaltzen zuena, San Prudentzio Zeharkaldia.Partaidetza handi samarra izan zen, eta Trintxerpeko Donostia Kayak eta Pasaia Kayak talde anaiek ere kirolari ugari eraman zituzten Arabara, eta aipatzeko moduko emaitzak lortu zituzten, garaipen garrantzitsuena tarteko. Izan ere, sprinter modalitate nagusian, Imanol Burguerak irabazi zuen K-1ean estropada bikaina burutuz, eta bukaera estu-estuan garaitu zuen Aritz Araneta taldekide eta faboritoa, bukaeraraino oso zabalik izan zen estropadan, puntan izan ziren palista guztien arteko markaketa zorrotzaren ondorioz. Azkenean, bi pasaitar ordezkariak izan ziren indartsuenak bukaera gogorrean eta bien artean erabaki zuten probaren garaipena, segundo bat baino gutxiagoko tartearekin, pistako probetan gertatzen den antzera.
K-2an, aldiz, Antton Aranetak eta Adur Bergara juniorrak osatutako ontzia eraman zuten Pasaiako taldekoek lehiara, eta hirugarren postua lortu zuen bikoteak, aurrekoak bistatik galdu gabe. Junior mailan, aldiz, Iker Asurmendik podiumeko hirugarren mailara igotzea lortu zuen, Donostiako Fortuna talde indartsuari podiuma osorik betetzeko aukera kenduz, eta estropadaren azken zatia oso gogorra egin bazitzaion ere, postuari eustea lortu zuen.
Kayak Tradizionaleko modalitatean, bestaldem hirugarren postua lortu zuen Iñigo Barrenetxea pasaitarrak, Hondarribia Arraun Elkarteko bi ordezkarien atzetik.
Talde-sailkapenari dagokionez, bigarren eta laugarren izan ziren, hurrenez hurren, Donostia Kayak eta Pasaia Kayak talde trintxerpetarrak. Denboraldi hasiera itxaropentsua egin dute, beraz.