
Senior Mailako San Juango emakumeen batela, garaipena ospatzen.
Euskadiko Txapelketa jokoan izan dute asteburuan Oarsoaldeko batelek. Kategoria guztien artean, bi txapela eta urrezko dominak eskuratu dituzte, San Juanek nesken Senior Mailan –HIbaika maila horretan laugarrena izan zen–, eta Hibaikak nesken Gazte Mailan. Aurretik Gipuzkoako Ligan nahiz Txapelketan egindako lan onaren segida izan da Arabako Legutioko urtegian egin dutena, eta orain Espainiako Txapelketaren bila joango dira, Kantabriako Camargora, hurrengo asteburuan.
Lehen postu horiek, baina, ez dira izan postu aipagarri bakarrak. Mutilen Haurren Mailan San Pedro hirugarrena izan zen, eta Trintxerpe-Illunbe, berriz, laugarrena. Emakumeen Etorkizun Mailan, Errenteriako arraunlariak bigarrenak izan ziren, mutilen kadeteetan bezala.