
Banaketa amaitzeko gaurko eguna eta biharkoa baino ez dira falta eta dagoneko 1.600 lezoarretik gora jaso dituzte atez ateko sistemarako udala banatzen ari den bitartekoak. Informazio bulegoko hezitzailea da Irati Aranburu eta banaketaren gaineko balorazio “baikorra” egin du: “Oso ondo ari dira herritarrak eta espero bezala joan da momentuz guztia”. Herritarren artean denetarik ikusten ari direla zehaztu du, bestalde, “batzuk haserre etortzen dira, baino azalpenak emanda lasaitu egiten dira”. Besteak beste kalean zabaldu ziren “zurrumurruekin” kezkatuta jotzen dutela bulegora bizilagun batzuk gaineratu du Aranburuk: “Organikoa biltzeko kubo marroia hausten bazaie berria jasotzeko 50 euro ordaindu behar dituztela esanez etorri zaizkigu asko eta asko. Hori ez da egia, kuboak udalak ematen dizkie doan herritar guztiei”.
Jarrera orokorrean “oso ona” izaten ari dela gaineratu du hezitzaileak, eta lezoar askok interesa erakutsi dutela esan du halaber, “urduritasuna ere nabaritzen da sistema berriarekin hasi arte”.
Aranbururen balantze bera egin du Mikel Arruti zinegotziak, “baikorra” alegia. banaketa egiteko unean Kultur aretoan bertan zegoen Arruti eta orokorrean giro “lasaia” nagusitzen ari dela zehaztu du. Dagokien egunean bitartekoak jasotzerik ez duten fanilientzako udalak telefono zenbaki bat jarri duela gogorarazi du Arrutik, 943 52 15 38 hain zuzen ere. Bertara deituta adostu dezakete bitartekoak biltzeko modua.
Zintzilikario guztiak ostiralerako jarriak
Oraindik orain hainbat zintzilikario jartzea falta direla azaldu du Eneko Lartige zionegotziak bestalde, “baina ostiralerako amaituta egongo da guztia eta zintzilikario guztiak prest”. Lartige banaketa puntuan zegoen, Arruti, Aranburu eta modu boluntarioan banaketa egiten ari ziren zortzi herritarrekin. “Egunero 16 lagun ari dira bitartekoak banatzeko lanean laguntzen, musutruk, zortzi goizez eta zortzi arratsaldez, eta esker ona adierazi nahi diegu egiten ari diren lanagatik”, zehaztu du Aranburuk.
Herritarren artean, berriz, denetarik, atez atekoaren aldekoak eta kontrakoak ere. Joxe Miguel Galdosek “oso gaizki” ikusten duela azaldu du, “nahikoa lana dudalako halako txorakerietan aritu gabe orain”. Atez atekoa “inposaketa” da Galdosen ustez gainera. Kubo eta beste bitartekoen bila joan da gaur ere Beñat Begiristain. Galdosen kontrako iritzikoa da azken hau, “atez atekoa beharrezkoa” dela argi du, “egindako modua agian egokiena izan ez bada ere. Zoritxarrez birziklatzera behartzen ez baduzu, jendeak ez duelako egiten, atez atekoa oso ongi ikuzten dut, beraz”. “Ondo” ikusten du bilketa sistema berria Maixabel Aranburu lezoarrak ere, “liskar dezente izan dira, batez ere Altamiran, nire auzoan, baino beharrezkoa ikusten dut atez atekoa”.
Jaione Lekuonak ere “zalantzarik” ez du atez atekoa dela bidea, “zaborrak kudeatzea beharrezkoa delako”. Udalak esandakoarekin eta egindakoarekin erabat ados azaldu da herritarra eta atez atekoa ezartzeko erabakiarekin “oso pozik” dagoela gaineratu du.