Gaur goizean Oarso taldeak nahiz zenbat herritarrek bat egin dute Euskal Herriko Murrizketen eta Langabeziaren kontrako mugimendu eta kolektiboak egindako deialdiarekin, eta elkarretaratzea egin dute
Murrizketarik ez lelopean. Murrizketez gain, pobrezia ere salatu nahi izan dute, eta euren eskaerak ahalik eta gehien entzuteko eltzeak, turutak eta bestelakoak eraman dituzte.
Oarso taldeak erakundeek lan zein eskubide sozialak murriztu dituztela salatu du, hala nola, sorospen laguntzak jaso ahal izateko mugak jarriz eta horiek murriztuz. Horrez gain, administrazioak enplegu duina sortzeko plan errealik ez direla egiten ari esan du, eta ordu estren kontra egiteko borondaterik ez duela agertu ezta lan poltsa gardenak egitekorik ere.
Neurri “antisozial” horiekin “milaka familia eta pertsona babes sozialen sistematik kanpo” utzi dituztela gaineratu du: “Langabeen kopuruak gora egiten du, baita etxe kaleratzeek jasandakoenak ere, edota hilabete bukaerara iritsi ezin eta oinarrizko beharrak asetzeko dituztenen kopuruak”.
Gogorarazi dute Oarsoaldean 2013 martxoan 5.850 langabe zeudela: Lezon, 493, Pasaian 1.373, Errenteria-Oreretan 3.407 eta Oiartzunen 577.
Horregatik, murrizketa sozialik ez aplikatzeko eskatu dute baita gizarte zerbitzuetara zuzendutako aurrekontuak handitzea ere.